11:10

Zinema

Elkarrizketa

"Asko pozten nau Cannesen egoteak, atxikimendu handia baitut filmak lantzen duen istorio eta gaiarekin"

Natxo Velez | EITB Media

Estibaliz Urresola laudioar zinemagileak Cannesko Kritikaren Astean estreinatuko du "Cuerdas" film labur soziala. Berarekin hitz egin dugu.

  • Esti Urresola zinemagileak Cannesen estreinatuko du ''Cuerdas'' filma. Argazkia: David Corbella.

    Esti Urresola zinemagileak Cannesen estreinatuko du "Cuerdas" filma. Argazkia: David Corbella.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Herri industrial batean, emakumez osatutako abesbatza batek udal dirulaguntza galdu du, eta herriko enpresa batek, herria inguratzen duen kutsadura maila altuaren erantzule nagusiak, korua babesteko eskaintza egingo dio taldeari. Kideek onartu ala ez erabaki beharko dute, abesbatzaren biziraupena ezbaian dela. Hori kontatzen du "Cuerdas" filmak.

EITBren parte-hartzea duen filma Cannesen estreinatuko du Estibaliz Urresola Solaguren (Bilbo, 1984) laudioar zuzendariak, bertako Kritikaren Astearen baitan, Cannesko jaialdiaren sail paralelo batean. Hala nahi izan du hamar film labur eta zuzendari gazteen hamar lehen edo bigarren film aukeratzen dituen epaimahaiak, bere garaian, besteak beste, Jacques Audiard, Alejandro González Iñárritu, Ken Loach, François Ozon eta Julia Ducournau zuzendarien lanekin egin zuen bezala. Ez da zerrenda makala.

Abiapuntuan Herriaren etsai bat Henrik Ibsenen antzezlana edo Deux jours, une nuit Luc eta Jean-Pierre Dardenne anaien filmak gogora ekartzen dituen istorioa benetako gertakari batzuetan oinarrituta dago, eta ekofeminismoari buruzko jardunaldi batzuen ostean piztu zitzaion pelikularen ernamuina Urresolari. Emakumezko aktore ez profesionalekin lan egiteak, gainera, indartu egiten du errealitatearekiko lotura hori.

Urresolarekin hitz egin dugu.

Zorionak, Estibaliz! Nola eta noiz jakin zenuen "Cuerdas" Kritikaren Asterako hautatu zutela?

Eskerrik asko! Pozarren gaude, benetan. Hasieran, lehen sailkatuen artean geundela jakinarazi zigutenean, zoragarria izan zen. Amets bat. Oraindik ezin ginen gehiegi emozionatu short-list batean besterik ez baikeunden eta azkenean kanpoan geratzeko arrisku handia zegoelako.

Horregatik, bigarren jakinarazpenarekin, lehian izango diren 10 film laburren artean geundela esan zigutenean, gordeta geneukan poztasun horrek guztiak eztanda egin zuen. Ni neure hurrengo film luzearen casting prozesuan harrapatu ninduen bete-betean.

Zer dakar zuretzat sortzaile gisa eta pelikularentzat Cannesko hautaketa batzordearen bermeak eta bultzadak?

Semaine de la Critique munduko jaialdirik estimatuenetakoa da, eta bertan estreinatzeak film laburrari oihartzun handia emango diolakoan gaude. Noski, zuzendari moduan ere bertan egotea ametsa iruditzen zait, eta poz handia eman zidan barrenean atxikimendu handia baitut Cuerdas-ek lantzen duen istorio eta gaiarekin.

Estibaliz Urresola, 'Cuerdas' filmatzen. Argazkia: David Corbella.

Estibaliz Urresola, 'Cuerdas' filmatzen. Argazkia: David Corbella.

Zer asmo dituzue jaialdiko egonaldirako?

Zoritxarrez, egun gutxi pasatu ahalko ditut jaialdian, proiekzioa aurkeztera joango naiz justu-justu; izan ere, zorionez, nire hurrengo pelikularen preprodukzio fasean egongo bainaiz buru-belarri. Jaialdia egiten denerako, bost aste besterik ez zaizkit geratuko errodatzen hasteko.

Zirrara handiz biziko dudala uste dut; ezin dugu ahaztu estreina dela, orain arte lantaldeak besterik ez du ikusi emaitza. Cannesko proiekzioan, film laburra publiko zabal batekin konpartitzeko aukera izango dut lehen aldiz, eta istorioa nola jasotzen den ikusteko lehen abagunea izango da.

Bi pase egingo dituzte, eta gainerako denbora nire hurrengo film luzea izango den 20.000 especies de abejas lanari begira nazioarteko zenbait akordio lotzen saiatzeko aprobetxatuko dugu. Horrelako jaialdietara joaten zarenean, lan egitera joaten zara, mundu osotik joandako ehunka profesional aurrez aurre izateko aukera ematen dizulako.

Ohikoa zara zinema jaialdietan. "Polvo somos" zure film luzea, esaterako, ehun bat jaialditan egon da, eta hainbat sari jaso ditu bertan. Zer da jaialdietatik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?

Jaialdietatik gehien gustatzen zaidana pelikulak deskubritzeko plazera da, beste edonola ikusi ezingo zenituzkeen lanen aukeraketa berezia egoten delako.

Gainera, zirrara handiz bizi izaten da zuzendari moduan, eta esango nuke publikoak ere horrela jasotzen dituela; izan ere, zuzendariak gonbidatuta daudenean eta euren lanei buruz hitz egiten entzuteko aukera izaten denean, pelikuletan sakontzeko aukera paregabea ematen dela iruditzen zait. Gainera, askotan zure bizitzako eta profesio honetako beste kide eta lagunekin elkartzeko aukera zoragarriak izan daitezke.

Bestetik, oso nekeza ere izan daiteke une oro jende ezezagunarekin hizketan egon behar izaten delako. Egun luzeak izaten dira, batzuetan atzerritar hizkuntza batean aritu behar izaten da, milaka bileratan...

Ni oso etxekoia naizela esango nuke; azkenean, etxera bueltatzeko desiratzen egoten naiz beti.

'Cuerdas'

'Cuerdas'

Zergatik piztu zizun arreta "Cuerdas"en atzean dagoen istorioak? Zergatik erabaki zenuen pantailara eramatea?

Mundu mailako krisi ekologikoa jasaten ari garelako. Atzera-bueltarik gabeko puntu bat igaro dugu, eta uste dut ingurumen osasunaren arloan norberak dituen erantzukizunetan pentsatzeko garaia iritsi dela.

Duela bi urte, Bilbon ekofeminismoari buruz egindako jardunaldi batzuetan, mundu osoko hainbat emakume ezagutu nituen, zenbait enpresa pribatuk eragiten duten ingurumen kutsaduraren aurrean osasunerako eta bizitzarako eskubideak defendatzen dituzten hainbat talde eta elkarte ordezkatzen dituztenak.

Lekukotasun horien artean, arreta eman zidan nire herritik oso hurbil dagoen herri txiki bateko doktore erretiratu baten kontakizunak, herri horren erdigunean dagoen findegi batek eragiten duen kutsaduraren ondorio suntsitzaileak azaldu baitzituen. Horrek aipatu zituen ondorioetako batzuek ez zieten soilik pertsonen osasunari eta inguru naturalari eragiten, gizarteari ere eragiten baitzioten, eta eztabaidagaiaren inguruko zatiketa sortu zen. Ikuspuntuak ugari ziren, elkarren oso ezberdinak, eta horrek sarritan liskarrak eragiten zituen lagunen, auzokideen eta senideen artean.

Film laburra egitera bultzatu ninduen beste arrazoi bat izan zen nigan zirrara handia sortu zuela 60, 70 eta baita 80 urteko emakumeak ere ikustea horren jarrera aktiboetan, bizitzaren alde, defentsan, borrokan. Neure buruari galdetzen nion ea zergatik ageri diren horrelako hain emakume gutxi pantaila handian. Pelikuletan 70 urtetik gorako emakumeak agertzen direnean, jarrera ahulak irudikatu ohi dituzte, gaixorik egon ohi dira, alzheimerra izaten dute, gurpildun aulkian egoten dira…. Emakumeen garai horren erretratu duina egin nahi izan dut.

'Cuerdas'

'Cuerdas'

Errealitatea eta fikzioa nahasten ditu "Cuerdas"ek. Istorioa idazteko eta filmatzeko orduan, zer betebehar ezarri dizkizu errealitateak eta zer aukera eman dizkizu fikzioak?

Horrenbeste gai interesatzen zitzaizkidanez, denak batzeko aukera emango zidan fikziozko gidoi bat idaztea erabaki nuen, hitzen bidez ez ezik gauzak irudien eta soinuaren bidez ere azaltzeko aukera ematen didan mintzaira zinematografikoari esker zehatzagoa izateko. Dispositibo zinematografiko honek aukera eman zidan Rita pertsonaiaren kanpo eremutik, inguru sozialetik, bere subjektibitatearen geruza gertuagoko batera egindako bidaia ere azaltzeko. Fikziozko narratibari esker, gainera, Ritaren inguruan unibertso familiar bat eraiki eta errealitate horren gordintasuna erakutsi ahal izan dut, eta beste modu batera niretzat oso-oso zaila izango zatekeen horraino iritsi izana.

Dena den, fikziozko gidoi hori eraiki ahal izateko iturriak inguruan egindako elkarrizketa eta jasotako lekukotasunak dira. Hortaz, egiantz hori gordeko zuen kode bat aurkitu nahi nuen, eta horregatik aukeratu nuen benetako pertsonekin lan egitea. Horregatik, eta fikzioaren planifikazioaren eta dokumentalaren gordintasun eta naturaltasunaren erdibidean dagoen estetika baten alde.

Aktore ez profesionalekin lan egin genuenez, entsegualdi oso luze eta zinez aberasgarria izan genuen, eta film laburrean aritzen diren aktore profesionalek ere hartu zuten parte berorietan, nolabaiteko bat-batekotasun batekin, kode oso fresko eta berezko batekin, ohitu behar izan baitzuten.

Film laburrean erakusten den abesbatza benetako abesbatza bateko eta emakumeen antzerki talde bateko kideek osatzen dute. Horregatik, bi hilabetez, antzerki taldeko emakumeak abesbatzaren entseguetara joan ziren, eta, kontrara, koruko emakumeak antzerki taldearen entseguetara joan ziren film laburrean erakusten den eztabaidaren eszena prestatzera. Gu guztiontzat, neuretzat ere, prozesu benetan eraldatzailea izan zen.

Botere publikoek kulturarekin, kasu honetan abesbatza batekin, duten erantzukizuna eta enpresek agertzen duten interesa dago pelikularen premisaren atzean. Zer dago, zure ustez, mozkinak bilatzen dituzten enpresa handi askok kulturarekin agertzen duten interesaren atzean eta zer zeregin dute erakundeek horretan?

Kultura ataka batean dago beti, diziplina guztietan sormen prozesuek dirua behar dutelako duintasunez garatzeko.

Nondik aterako da diru hori? Bi bide daude. Publikoa izan daiteke, hain zuzen administrazioek, nire aburuz, badutelako zenbait balio eta adierazpen babesteko ardura. Baina horrek nolabaiteko mendekotasun arriskua ere ekar lezake. Bestetik, diru hori pribatua ere izan daiteke. Ez nago diru pribatuaren kontra, inolaz ere. Uste dut enpresek badutela zer irabazi kultura sustatzearekin, bai eta kulturak ere: berezko ehun, egitura eta sare indartsu eta iraunkor bat, kalitatez garatu ahal izateko.

Baina harreman horrek, sanoa izan dadin, garbia izan behar du, kontraesanik gabekoa. Onartezina litzateke esku batekin ematen duzuna beste eskuarekin kentzea, eta horren adibide asko daude tamalez. Nire ustez, film laburraren istorioaren indarra horretan datza: oso galdera xume batean, dilema handia ezkuta daiteke eta edozein ikusle senti daiteke horrekin identifikatua. Zer egingo nuke nik kasu horretan?

Estibaliz Urresola

Estibaliz Urresola

"20.000 especies de abejas" zure lehen film luzearen produkzioan buru-belarri ari zara. Zer konta diezagukezu proiektu horren inguruan?

Oso proiektu polita da, eta pozik nago azkenik uda honetan filmatuko dugulako. 2018tik ari naiz horretan lanean, Gariza Films ekoiztetxeak antolatutako Una Habitación Propia erresidentzia artistikotik.

Ordutik, NOKA Mentoring, The Screen, Atelier Premier Plans eta Mediterranean Film Institute laborategietan parte hartu dut, eta izugarri aberasgarria izan da, bai niretzat bai proiektuarentzat.

Hemen, beste gai bati buruz ari naiz, genero identitatearekin zerikusia duena. Zer puntutaraino gara libre familiaren baitan nor garen adierazteko? Haur transexualitatea hartzen dut abiapuntutzat, baina ez da hori landu nahi dudan gai bakarra. Familiaren baitako intersubjektibitatea interesatzen zait, eta horrek zer puntutaraino baldintzatzen edota laguntzen gaituen garen horiek adierazi eta garatu ahal izateko.

Casting prozesua ixtear dago, eta oso pozik nago gure barkura igoko diren abenturazaleekin, baita deialdiak izan duen harrerarekin ere. Oso eskertuta gaude parte hartu duten guztiekin, gazte, ume eta heldu, euren barrenetatik eman duten guztiagatik.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena