Mundua -
Gerra komertziala
Trumpek iragarri du % 25eko muga-zerga ezarriko diela AEBtik kanpo ekoitzitako autoei
AEBko presidenteak azaldu duenez, kamioi arinei ere eragingo die neurriak, eta datozen bi urteetan 600.000 milioi eta bilioi bat dolar artean biltzea espero du. Apirilaren 2an sartuko da indarrean, eta Mexiko, Japonia, Kanada eta Alemania izango dira herrialde kaltetuenak.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak gaur iragarri duenez, bere herrialdera esportatzen diren auto guztiei % 25eko muga-zerga ezarriko diete, bere Gobernuak abiatutako gerra komertziala areagotzen duen neurri berria. Kaltetuenen artean daude, besteak beste, Mexiko, Japonia, Kanada eta Alemania.
"Modu eraginkorrean % 25eko muga-zergak kobratuko dizkegu (autoei)", adierazi du Trumpek Etxe Zurian, neurri protekzionista gauzatzeko agindua sinatzeko deitutako ekitaldi batean.
Muga-zerga "inportatutako bidaiari ibilgailu guztiei (autoak, SUV kirol-auto utilitarioak, crossoverak, furgoneta txikiak eta kargak eramatekoak) eta kamionetei ezarriko zaie", baita autoak egiteko piezei: motorrak, transmisoreak, propultsio-trenaren piezak eta osagai elektrikoak.
Dena dela, Mexikon eta Kanadan egindako autoen piezei ez zaie oraingoz muga-zergarik ezarriko. Bi herrialde horietatik inportatutako autoei dagokienez —T-MEC merkataritza askeko akordioaren sinatzaileak biak ere—, zergak "AEBtik kanpo ekoitzitako zatiari ezarriko zaizkio". Trumpen aginduak ez du zehazten nola "egiaztatu dezaketen AEBko edukia" inportatzaileek.
Etxe Zuriak egindako kalkuluen arabera, neurriari esker datozen bi urteetan 600.000 milioi eta bilioi bat dolar artean biltzea espero dute.
"Apirilaren 2an sartuko da indarrean, eta apirilaren 3an hasiko gara dirua biltzen", gaineratu du AEBko presidenteak, eta azpimarratu nahi izan du "ibilgailua AEBn ekoitziz gero, ez dagoela muga-zergarik".
Erreakzioak
Trumpek iragarritako neurria aztertuko duela eta "negoziatutako irtenbideak" bilatuko dituela nabarmendu du Ursula von der Leyen Europako Batzordearen (EB) presidentearen lehen balorazio batean. Era berean, Europaren "interes ekonomikoak" defendatuko dituela azpimarratu du.
Von der Leyenek "irmoki deitoratu du" AEBren erabakia. Izan ere, argudiatu duenez, "muga-zergek kalte egiten diete enpresei, eta are kalte handiagoa kontsumitzaileei, AEB zein EBkoei".
Bestalde, Mark Carney Kanadako lehen ministroaren iritziz, "eraso zuzena" da. Iragarri duenez, herrialdeak modu bateratuan erantzungo du eta muga-zergak ez diren neurriak mahai gainean dituztela nabarmendu; "badaude beste aukera batzuk", erantsi du.
"Gure langileak, gure enpresak eta gure herrialdea defendatuko ditugu. Batuta egin ere. AEB zatituta dago eta horrek ahulezia dakar", arrazoitu du lehen ministro kanadarrak.
Azkenik, Shigeru Ishiba Japoniako lehen ministroak Trumpen muga-zergei erantzuteko neurriak hartzeko eskatu dio Yoshimasa Hayashi gobernuko buruari. Ishibaren esanetan, "erantzun egokiak aztertu behar ditugu. Bistan denez, aukera guztiak daude zabalik".
Hain justu, Japoniako eta Hego Koreako auto fabrikatzaile handiek zartakoa hartu dute gaur burtsetan. Toyota, Japoniako auto-fabrikatzaile handienak, % 2,5 egin du behera; Nissanek, % 1,7 inguru; Hondak, % 3 eta Mazda Motorrek, % 6.