Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
"Logura zuen" Joe Bidenek emandako indultuak "baliogabeak" direla esan du orain Trumpek
"Logura zuen Joe Bidenek Matoi Politikoen Batzordeari eta beste askori emandako indultuak baliogabetzat jo ditut, ondoriorik gabe, boligrafo automatiko batek sinatu zituelako", idatzi du AEBko presidenteak sare sozialetan.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak ziurtatu duenez, bere aurrekoak, Joe Biden demokratak, emandako indultuak "baliogabeak" dira, boligrafo automatiko batek (autopen) sinatu zituela argudiatuta.
"Logura zuen Joe Bidenek Matoi Politikoen Batzordeari (Trump ikertzeaz arduratzen den Kongresuko Batzordeari erreferentzia eginez) eta beste askori emandako indultuak baliogabeak eta ondoriorik gabekoak dira, boligrafo automatiko batek sinatu zituelako", idatzi zuen Trumpek Truth Social bere sare sozialean, atzo goizaldean.
Gainera, egungo presidente estatubatuarrak iradoki zuen Bidenek ez zituela zehatz-mehatz ezagutzen bere aholkulariek ezarritako indultu horiek. "Bestela esanda, Joe Bidenek ez zituen sinatu, baina are garrantzitsuagoa, ez zekien ezer haiei buruz! Indulturako beharrezkoak ziren agiriak ez zizkioten Bideni azaldu, ezta presidenteak onartu", gaineratu du Trumpek.
"Berak ez zekien ezer haiei buruz, eta bazekitenek delitu bat egin dute, akaso. Beraz, Matoi Politikoen Batzordea osatzen dutenek, nire eta beste pertsona errugabe askoren aurka egindako bi urteko sorgin-ehizan lortutako ebidentzia GUZTIA suntsitu eta desagerrarazi dutenek, erabat ulertu behar dute maila goreneko ikerketapean daudela", ohartarazi du presidente errepublikanoak.
"Ziur aski bere izenean sinatu ziren dokumentuen erantzuleak izan ziren, gure herrialdeko historiako presidente txarrenaren, Joe Biden ustelaren, ezagutza eta baimenik gabe", nabarmendu du Trumpek.
Bidenen indultuak
Kargua utzi aurretik, Bidenek "drogekin lotutako indarkeriarik gabeko delituengatik" zigorra betetzen ari diren 2.500 presori ezarritako "neurriz kanpoko" espetxealdiak konmutatzea erabaki zuen.
Halaber, Bidenek konmutatu egin zizkien maila federalean heriotzera zigortutako 40 pertsonatatik 37ri, biziarteko espetxealdira zigortuta, eta indultua eman zien Hunter semeari, arma eta zerga delituengatik auzipetuta zegoenari, eta Anthony Fauci goi-funtzionarioari, pandemiaren aurka borrokatzeko arduraduna zenari, besteak beste.