Mundua -
AEB
Trumpek zazpi agentzia federal desegiteko agindua sinatu du
Tartean daude komunikabide batzuk kudeatzen dituena, lan gatazketan bitartekari lanak egiten dituena eta Etxerik Gabeko Pertsonen Erakunde arteko Kontseilua.
agentziak | eitb media
Donald Trump AEBko presidenteak zazpi agentzia federal desegiteko agindua sinatu du bart, tartean Gobernuak finantzatzen dituen zenbait komunikabide kudeatzen dituena.
La Voz de America, Radio Europa Libre/Radio Libertad, Radio libre Asia eta beste komunikabide batzuk daude agentzia horren esku. 270 milioi euroko aurrekontua du, 2.000 langile baino gehiago, eta 361 milioi herritarrentzat emititzen du 49 hizkuntzatan, The New York Timesek zabaldutako datuen arabera.
Trump oso kritiko izan da agentzia horrekin 2017tik 2021era egin zuen lehenengo agintalditik.
Trumpek agentziak hauek ere desegiteko agindua eman du: Bitartekaritzarako eta Adostasunerako Zerbitzu Federala, lan-gatazkak prebenitzeaz eta konpontzeaz arduratzen dena; Akademikoentzako Woodrow Wilson Nazioarteko Zentroa; Museo eta Liburutegi Zerbitzuen Institutua; Etxerik Gabeko Pertsonen Erakunde arteko Kontseilua; Garapen Komunitariorako Finantza Erakundeen Funtsa; eta Enpresa Minoritarioen Garapenerako Agentzia.
Hori horrela, agentzietako zuzendariei eskatu die legeak ezarritako jarduerak bakarrik egiteko, eta "legeak ezarritako gutxienekora" murrizteko langileen egitekoa.
"Presidentearentzat beharrezkoak ez diren burokrazia federalaren elementuak murriztea du helburu agindu honek", ostiral iluntzean argitaratutako testuaren arabera.