Mundua -

Gerra Ukrainan

Putin, su-eten proposamenaren alde, baina gatazkaren "jatorriak" ere mahai gainean jarriz

"Ideia ona da eta erabat babesten dugu, baina gai batzuk eztabaidatu behar ditugu", azpimarratu du Errusiako presidenteak. Putinen ahotan, Kurskeko egoera ikusita, 30 eguneko su-etena onuragarria izango litzateke ukrainarrentzat.

Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE

Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur azaldu duenez, ados dago AEBk aurkeztutako su-eten proposamenarekin (Kievek dagoeneko onartu duena), baina ekimen horrek Ukrainako gatazkaren "jatorriei" ere heldu behar diela azpimarratu du.

Putinen hitzetan, su-eten akordioa bi estatuen arteko bake iraunkorrera ere bideratu behar da, baina Errusiako Kursk eskualdeko egoera --iazko abuztuan Ukrainak eraso bat abiarazi zuen, eta urte erdi geroago azkenean garaitua izan da-- kontuan hartu beharreko gai bat dela nabarmendu du.

"Ideia ona da, eta erabat babesten dugu, baina gai batzuk eztabaidatu behar ditugu", nabarmendu du Putinek.

Putinen ahotan, Kurskeko egoera ikusita, 30 eguneko su-etena onuragarria izango litzateke ukrainarrentzat, eta Moskuk etsaien tropekin zer egin beharko lukeen galdetu du: "Herritarren aurkako krimenak egin ondoren alde egiten utzi beharko genieke, ala Ukrainako buruzagiek amore emateko aginduko diete?".

Ildo beretik, Putinek azpimarratu du Ukrainako lurraldean dauden tropak "ia sektore guztietan" ari direla aurrera egiten, eta, operazioak eteten badituzte, Ukrainako Armada tropa gehiagorekin indartzeko, jasandako bajen ondoren berriz zutunik jartzeko eta mendebaldeko kideek hornitutako armamentuarekin entrenatzeko arriskua dagoela.

"Nola bermatuko da horrelakorik ez gertatzea?", zalantzan jarri du Putinek, 2000 kilometroko fronte-lerroan su-etenaren urraketa nork eta non gertatu den zehaztea zaila baino zailagoa dela uste baitu. "Kontu horiek guztiak arretaz aztertu behar dira", berretsi du agintari errusiarrak.

Bilera Kremlinen

Putinek Steve Witkoff AEBko ordezkari berezia hartu du gaur arratsaldean, Kremlinen. "Witkoffen eta Putinen arteko bilera gaur arratsaldean izango da, ateak itxita", baieztatu dio Yuri Ushakov nazioarteko gaietarako Errusiako presidentearen aholkulariak Izvestia egunkariari ordu batzuk lehenago.

Putinen aholkulariak telebista publikoari adierazi dionez, su-eten bat "soldadu ukrainarrentzat arnasa hartzeko aukera bat baino ez da. Besterik ez (...) Gure helburua konponbide baketsu iraunkorra da, gure herrialdearen interes legitimoak kontuan hartuko dituena".

"30 eguneko atsedena. Zer ematen digu? Ez digu ezer ematen. Ukrainarrei soilik ematen die aukera berriro bartzeko, indarrak berreskuratzeko eta modu berean borrokan jarraitzeko", esan du.

"Zoritxarrez, egun bat baino gehiago igaro da, eta munduak oraindik ez du Errusiaren erantzun esanguratsurik entzun", ohartarazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bere sare sozialetan.

Zelenskiren hitzetan, erantzuna atzeratu izanak "Errusiak gerra luzatzea eta bakea ahal bezain beste atzeratzea bilatzen duela erakusten du". "Espero dugu AEBren presioa nahikoa izatea Errusia gerra amaitzera behartzeko", erantsi du.

Donald Trump AEBko presidenteak, aldiz, uste du elkarrizketak "ondo" doazela. "Errusian gauzak ondo doazela jakin dugu", adierazi du Trumpek Mark Rutte NATOko idazkari nagusiarekin batera Bulego Obalean egindako agerraldian.

"Gustura bilduko nintzateke berarekin, baina azkar amaitu behar dugu honeik", azpimaratu du Trumpek Vladimir Putin Errusiako presidentearekin elkartzeko aukeraren inguruan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra