Mundua -
GERRA
Ukrainak Errusiaren aurkako aire-erasorik handiena egin du
Errusiako aireko defentsek Ukrainako 337 drone suntsitu dituzte; asko, Moskuko kanpoaldean. Pertsona bat hil da eta hainbat zauritu dira.
Agentziak | EITB MEDIA
Errusiako aireko defentsek 337 drone suntsitu dituzte, Moskuko kanpoaldean ere, Errusiak Ukrainan kanpaina militarra hasi zuenetik egindako erasorik handienean, Errusiako Defentsa Ministerioak Telegrameko bere kanalean jakitera eman duenez.
Emandako informazioaren arabera, tripulaziorik gabeko 91 aparatu txikitu dituzte Errusiako hiriburuaren kanpoaldean.
"Oraingoz, badakigu pertsona bat hil dela eta hiru zauritu daudela", idatzi du Telegramen Moskuko gobernadore Andrey Vorobyovek.
Era berean, Sergey Sobyanin Moskuko alkateak esan zuen bart egindako erasoa hiriburuaren aurkako eraso bortitzena izan dela.
"Moskutik gertu 74 drone bota dituzte, hainbat lekutan; tripulaziorik gabeko ehunka aparatu. Eskerrak eman nahi dizkiegu Defentsa Antiaereoko indarrei, egindako lan bikainagatik", idatzi du Sobianinek, Telegrameko bere kanalean.
Aginte militarraren arabera, bart eraitsitako drone guztietatik 126 Kursk eskualdean suntsitu zituzten. Errusiako tropak iazko abuztutik beren lurraldearen zati bat kontrolatzen duten indar ukrainarrak kanporatzen saiatzen ari dira.
Gainontzeko aparatuak Briansk (38), Belgorod (25), Riazn (22), Kaluga (10), Lipetsk (8) Oriol (8) Voronezh (6) eta Nizhni Novgorod (3) eskualdeetan erori ziren.
Droneekin egindako eraso masiboa Jiddan (Saudi Arabia) Ukrainako eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkaritzek egingo duten bilera baino ordu batzuk lehenago gertatu da, Andrii Sybiha eta Marco Rubio Kanpo Arazoetako arduradunak buru dituztela.