Mundua -
Bozak
Groenlandiak hauteskundeak ditu gaur, eta Trumpen interesa dela eta, mundu osoa dago hari begira
AEBko presidenteak uhartea bereganatu nahi du Artikoan duen posizio geoestrategikoagatik eta baliabide naturaletan duen aberastasunagatik. 40.000 hautesle inguru 31 ordezkari aukeratzera deituta daude.
Agentziak | EITB Media
Astearte honetan Groenlandian egingo diren hauteskundeek mundu osoaren ezohiko arreta bereganatu dute, Donald Trump AEBko presidenteak Danimarkako eskualde autonomo hori, Lurreko uharterik handiena, kontrolatzea nahi duelako.
Subiranotasunaren aldeko aldarrikapenak gero eta handiagoak diren arren, beste une batean hauteskundeek ez lukete lurraldean eta Danimarkan sortutakoa baino arreta handiagoa izango, baina Washingtonnk interesek jomugan jarri dute uhartea.
Trumpek uhartea bereganatu nahi du, zalantzarik gabe, Artikoan duen posizio geoestrategikoagatik eta baliabide naturaletan duen aberastasunagatik.
Soilik 40.000 hautesle inguruk —gehienak, inuitak— botoa emateko eskubidea dute 31 ordezkari aukeratzeko, hein handi batean ia bizitanlerik ez duen uhartean; izan ere, bertako lurraren % 80 beti izotzpean dago.
"Kongresuaren aurrean eman nuen hitzaldian argi utzi nuen bezala, AEBk irmo babesten du Groenlandiako herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea", idatzi du azken orduetan Trumpek Truth Social bere sare sozialean. Hala ere, groenlandiarren nahiak urrun daude berak beraientzat pentsatuta dituenetatik.
"Milaka milioi dolar inbertitzeko prest gaude lanpostu berriak sortu eta lurraldea aberasteko. Eta, hala nahi baduzue, ongi etorri munduko naziorik handienaren parte izatera: Amerikako Estatu Batuak", gonbidatu ditu handi-mandiak.
Lehen agintaldian Groenlandia erosteko eskaintza aurkeztu zion Trumpek Danimarkari. Oraintsu AEBk uhartearen segurtasuna zaintzen jarraituko duela ziurtatu du estatuburuak. AEBk 50eko hamarkadatik Pituffik espazio-basea du uhartearen ipar-mendebaldean.
'Groenlandia ez dago salgai'
Hala ere, 'Groenlandia ez dago salgai' da Groenlandian eta Danimarkan gehien errepikatu den esaldietako bat, baina arrazoi ezberdinekin, Trumpek irlaren kontrola "era batera edo bestera" hartuko duela iragarri zuenetik.
Mute Egede Groenlandiako lehen ministroak Danimarkako telebista publikoan egindako azken elkarrizketa batean deitoratu duenez, Trump uhartearen kontrola lortzeko tematu ostean, herritarrek ez dute AEBkiko hurbilketa hori nahi, nahiz eta egoera normal batean hori nahiko luketen.
Egede 2021etik Groenlandia gobernatzen duen ezker independentistako koalizioaren buru da, eta kargua berresteko faborito nagusia da, inkesta batzuen arabera. Bere alderdiak, Ataqatigiit inuitek, botoen % 31 lortuko lituzke, Siumut bere gobernukideak baino bederatzi puntu gehiago.
Inkesten arabera, oposizioko alderdiek gora egin dute, besteak beste, Naleraq independentistak, AEBrekin harremanak estutzearen aldekoak, eta oraingoan Qupanuk Olsen influencerra izango du zerrendaburu.
Autogobernuaren alde
Groenlandiarrek autogobernuaren aldeko botoa eman zuten 2009an, independentziarako bidea ere ezarri zuen erreferendum batean.
Groenlandiar gehienak Danimarkatik aldentzearen aldekoak dira, Kopenhagek moneta, defentsa eta kanpo politikan erabakitzen baitu, baina ez dakite nola eta noiz egin, metropoliak Groenlandiako aurrekontuaren erdia baino gehiago jartzen baitu enplegu, osasun eta hezkuntza oinarrizko zerbitzuak emateko.
Zentzu horretan, mugimendu subiranistek espero dute etorkizuneko Estatu baten gastuak ordaintzeko funtsak lortuko dituztela, baliabide naturalen ustiapenaren etekinen bidez, hala nola izotz azpian ezkutatutako lur arraroen bitartez, eta oraindik erabat aprobetxatu gabe dagoen petrolioaren bidez.