Mundua -

Ukrainako gerra

Errusiak 15 lagun hil eta 50etik gora zauritu ditu Donetsken eta Kharkiven azken orduetan egindako erasoetan

Dobropillia herrian egin du erasoetako bat. Han, 11 pertsona hil eta 47 zauritu ditu, tartean erreskate taldeetako langileak.

Errusiak 15 lagun hil eta 50etik gora zauritu ditu Donetsken eta Kharkiven. Argazkia: EFE
Errusiak 15 lagun hil eta 50etik gora zauritu ditu Donetsken eta Kharkiven

10 hildako eta 30 zauritu baino gehiago Errusiak Dobropilia hiriaren aurka egindako bonbardaketa batean

0:44

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak Donetsk eta Kharkiv Ukrainako eskualdeen aurka gauerdian eta arratsaldean egindako erasoek 15 pertsona hil eta 50etik gora zauritu dituzte, larrialdi zerbitzuek eta bertako agintariek egindako kalkuluen arabera.

Dobropillia herrian egin du erasoetako bat. Han, 11 pertsona hil eta 47 zauritu ditu, tartean erreskate taldeetako langileak, esan dute bertako agintariek. Halaber, baieztatu dute hainbat etxebizitzak eta administrazioaren eraikin batek su hartu dutela.

"Arratsaldean errusiarrek Dobropillia erdiguneari eraso diote. Gutxienez, 11 pertsona hil eta 47 zauritu dituzte han. Bost solairuko zortzi eraikinetan kalteak eragin dituzte, baita administrazioaren eraikin batean eta 30 ibilgailutan ere", adierazi du Ukrainako larrialdi zerbitzuak.

Agintariek zehaztu dute sua itzaltzen ari zirela eraso dietela berriro.

"Mehatxuak mehatxu, suhiltzaileek lanean jarraitu dute. Guztira, 20 etxebizitzatara zabaldu da sua, eta 190 metro koadroko azalera hartu duten hiru sute itzali dituzte", erantsi dute.

Lehenago, eskualdeko gobernadore Vadim Filashkinek Telegram bidez jakinarazi du atzo gauean bost pertsona hil zituztela. Oraindik, baina, ez dago guztiz argi zenbat pertsona zendu ziren eraso horretan, ezta zenbaterainoko kalteak eragin zituen ere.

Geroago, larrialdi zerbitzuek ohartarazi dute beste hiru hildako eragin dituztela Errusiak Kharkiven egindako erasoek.

Bart gertatu da eraso hori, enpresa zibil baten kontra, Bogodukhov herrian. Han, sute "izugarria" piztu da, eta 2.000 metro koadroko azaleran zabaldu da.

Ukrainako gerra 2022ko otsailaren amaieran hasi zen, Errusiako presidente Vladimir Putinek herrialde horretan indarrez sartzeko agindua eman zuenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra