Mundua -
Gerra Ukrainan
Trumpek zigor eta muga-zergekin mehatxu egin dio orain Errusiari, "frontean Ukraina zapaltzen" ari delako
"Errusiari banku-zigor handiak eta muga-zergak ezartzea serio aztertzen ari naiz, su-etena eta bake-akordioa lortu arte", esan du AEBko presidenteak Truth Social sare sozialean.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak bultzatzeko mehatxua egin du gaur, bake-akordioa lortu arte, "frontean Ukraina zapaltzen" ari delako.
"Errusia frontean Ukraina zapaltzen ari dela kontuan hartuta, une honetan Errusiari banku-zigorrak eta muga-zergak ezartzea serio aztertzen ari naiz, su-etena eta bake-akordioa lortu arte", esan du Trumpek Truth Social sare sozialean.
Buruzagi estatubatuarrak Kievi eta Moskuri eskatu die "negoziazio-mahaian esertzeko orain, beranduegi izan baino lehen".
Xehetasunik eman gabe
Trumpek ez du zehaztu zein neurri ezarri nahi dituen Moskuren aurka; izan ere, gatazka hasi zenetik, Washingtonek zigor masiboak ezarri dizkio Kremlini, eta bi estatuen arteko merkataritza-trukea minimoetan dago; 2024an 3.500 milioi dolarrekoa izan zen.
AEB gerra hasi zenetik Kieven aliatu nagusia izan da, baina estrategia aldatu du Trump boterera iritsi denean. Horren erakusle da bertan behera utzi duela armen bidalketa eta Ukrainarekin informazio trukea.
Gaurko mezua agintera itzuli zenetik Trumpek Moskuren aurka egin duen adierazpenik oldarkorrenetakoa da. Izan ere, bi estatuak pixkanaka hurbiltzen ari zirela ematen zuen, Errusiako eta Ameriketako Estatu Batuetako goi-mailako ordezkariek Riaden (Saudi Arabia) egin berri duten bilera diplomatikoak erakutsi zuen bezala.
Gainera, Trumpek Etxe Zurian Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin liskar publikoa izan eta astebetera egin ditu adierazpen horiek.
Ukraina: "Errusiarekin ezin da negoziatu"
Lehentxeago, Mikhailo Podoliak Ukrainako Presidentetzaren bozeramaileak adierazi duenez, denborak aurrera egin ahala AEB eta Errusia gatazkan sartuko dira berriro, orain arte gertatu den bezala, "lehiakideak" baitira.
"Lehen hilabete edo asteetan AEBko edozein administraziok uste du posible dela Errusiarekin harremanak berrezartzea eta komunikazio normalagoa lortzea, baina ezin da Errusiarekin negoziatu, Moskuk ez duelako errespetatzen harekin adosten dena", adierazi du Podoliakek.
Ukraina "errenditzera" ez behartzea espero du Podoliakek, "Europari eta AEBri ez zaielako komeni". Horren ildotik, Errusiaren aldebakarreko eskaerak "bazkide estatubatuarrek ez dituzte ondo hartuko", ohartarazi du Ukrainako presidentearen bozeramaileak.
"AEB prozesu hau nahiko zurruntasunez zuzentzen ari da Europako eta Ukrainako bazkideekiko, baina prozesua are gehiago motelduko dute Errusiarekin negoziatzerik ez dagoela ulertu bezain laster, eta hori argi geratuko da laster", erantsi du Ukrainako Gobernuaren ordezkariak.