Mundua -
Panamako kanala
CK Hutchison konpainiak BlackRock buru duen partzuergo bati saldu dizkio Panamako portuak
Akordioa Donald Trump AEBko presidenteak Txinako ustezko eraginagatik ozeano arteko pasabidea berreskuratzeko hainbat hilabetez egindako presioen ostean etorri da.
Agentziak | EITB Media
CK Hutchison Hong Kongeko konpainiak ia % 22 egin du gora gaur burtsan, Balboa eta Cristobal portuak kontrolatzen dituen sozietatearen % 90 BlackRock buru duen partzuergo bati saltzeko akordioa iragarri ostean.
Zehazki, konpainiaren akzioek % 21,9 egin dute gora Hong Kongeko burtsan.
22.800 milioi dolarreko salmenta da, eta CK Hutchisonek 23 estatutan dituen 43 portutan lan egiten duten filial batzuen % 80ko partaidetza hartzen du akordioak. Txinako portuak eta Hong Kongekoa, aldiz, operaziotik kanpo geratzen dira.
Akordioa Donald Trump AEBko presidenteak Txinako ustezko eraginagatik ozeano arteko pasabidea berreskuratzeko hainbat hilabetez egindako presioen ostean etorri da, baina Frank Sixt CK Hutchisonen zuzendarikideak ez du salmenta presio horiekin lotu.
"Azpimarratu nahi dut salmenta eragiketa komertziala dela, eta ez duela inolako loturarik Panamako portuei buruzko azken albiste politikoekin", adierazi du Sixtek agiri berean.
Gainera, gaur bertan, Txinako bozeramaile diplomatiko batek "erabat faltsutzat" jo ditu Kanalaren gaineko ustezko kontrolari buruzko adierazpenak, eta Pekinek nabarmendu du "nazioarteko pasabide neutral" gisa duela.
CK Hutchisonek gaur egun 23.213 milioi dolarreko balioa du, eta Panama Ports Company (PPC) enpresaren jabea zen 2015etik. Enpresa horrek Balboako portuan jarduten du, estatuko edukiontzi joan-etorri handieneko bigarren portuan, eta Cristobal Atlantikoan, zerrendako bosgarrenean.
Konpainia 96 urteko Li Ka-shingena da. Erresuma Batuaren kolonia zaharreko gizonik aberatsena da, Asiako zortzigarrena eta munduko 38., Forbes aldizkari ospetsuak 38.300 milioi dolarretan zenbatzen duen aberastasunari esker.