Mundua -
ESTATU BATUAK
Trumpek bere agintaldiko lehen erabakien gorazarre egin du Kongresuan: "AEBren urrezko aroa itzuli da"
Etxe Zuriko maizterrak, ia bi orduko hitzaldian, migrazioaren eta dibertsitatearen aurka izenpetu dituen erabakiak edota maila ekonomikoan egindako murrizketak nabamendu ditu. Esan duenez, horiei esker, "herrialdeak 'woke' izateari utzi" dio.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den urtarrilean Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua hartu zuenetik izenpetu dituen "100 agindu" baino gehiagoren gorazarre egin du Kongresuan Donald Trumpek, mandatari batek ganberaren aurrean inoiz egindako hitzaldi luzeenean. Eta ohi bezala, agerraldia ikuskizun bihurtu du.
Ia bi orduz aritu da hizketan, demokraten oihu eta errepublikanoen etengabeko txaloen artean. Besteak beste, ezarri dituen migrazio politikak eta burokrazia aparatua murrizteko hartutako neurriak goratu ditu. Horretarako, behin eta berriz, nabarmendu du gobernukide duen Elon Musk Gobernuaren Eraginkortasunerako Departamenduaren buruzagitzan egiten ari den lana. "Izpiritu estatubatuarraren botere geldiezina ikusaraziko dugu berriro".
Askotan aipatzen duen "AEBren urrezko aroa bueltan" dela ere esan du mandatariak, eta parean zituen kongresistei agindu die "etorkizuna izugarria" izango dela, "inoiz ikusi gabea". "Herrikide estatubatuarrok, prest egon zaitezte etorkizun izugarri baterako, Estatu Batuen urrezko aroa itzuli da eta. Aurrez ikusi gabea izango da hemendik aurrerakoa. Eskerrik asko, Jaungoikoak bedeinka zaitzatela eta Jaungoikoak bedeinka dezala AEB".
Iazko azaroko garaipena eta ondoren kargua hartu zuenekoa gogora ekarriz hasi du hitzaldia Trumpek. "Duela sei aste Kapitolioaren kupulapean aldarrikatu nuen AEBren urrezko aroa. Une horretatik aurrera, gure herrialdea aro hobe batera eraman duten neurriak baino ez ditugu ezarri".
Tentsio handiko saioa izan da, batez ere hasiera, Alderdi Demokratako ordezkariek oihuka erantzuten ziotelako mandatariaren hitz guzti-guztiei. Mike Johnson Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoak behin eta berriz eskatu behar izan du isiltasuna, eta, azkenean, Al Green 78 urteko kongresista demokrata kanporatu egin du, azken hori, bere eserlekutik altxatu eta bastoia astinduz Trumpi oihuka hasi zaio eta.
Ukrainako gatazkaz ere aritu da Trump, eta joan den ostiraleko batzarrean izandako kemena apalduta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekiko abegikor agertu da. Buruzagi ukrainarrak igorritako gutun bat erakutsi du, eta horretan idatzitakoaren arabera, Zelenski prest agertzen da Errusiarekin bake-akordioa eta AEBkin lur arraroei buruzko ituna negoziatzeko.