Mundua -

VATIKANOA

Frantzisko aita santuak tratamendua jasotzen jarraitzen du eta "umore ona" du

"Gaua ondo joan da. Aita santuak lo egin du eta atseden hartzen ari da", Vatikanoak astelehen goizean zabaldutako oharraren arabera. Arnas krisi gehiagorik izan ez duen arren, odol-analisi batzuek giltzurrun arazoak izaten hasi dela erakutsi dute.

Erromako Gemelli Ospitalean artatzen ari dira aita santua, otsailaren 14az geroztik. Argazkia: EFE
Erromako Gemelli Ospitalean artatzen ari dira aita santua, otsailaren 14az geroztik

Erromako Gemelli Ospitalean artatzen ari dira aita santua, otsailaren 14az geroztik. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak gau ona igaro du, tratamendua jasotzen ari da eta umore onez dago, Vaticanoak astelehen goizean zabaldutako informazioaren arabera. Dena den, egoera kritikoan jarraitzen du, Erromako Gemelli ospitalean. Ez du arnas krisi gehiagorik izan, baina odol-analisi batzuek erakutsi dute giltzurrunetako gutxiegitasun arina duela, eta, oraingoz, kontrolpean dute. 

"Gaua ondo joan da. Aita santuak lo egin du eta atseden hartzen ari da", Vaticanoak gaur goizean zabaldutako oharrak dioenez. Ondoren Etxe Santuko iturriek nabarmendu dutenez, "umore ona" du eta "normaltasunez jaten ari da".

Aita santua Erromako Gemelli erietxean dago otsailaren 14tik, bi biriketako pneumoniak jota. Hala ere, ez du larunbatean pairatutako arnas krisiaren parekorik izan geroztik.

Testuinguru horretan, Vatikanoak Frantzisko aita santuaren aldeko otoitza antolatu du astelehen gauerako San Pedro plazan. Antolatzailek diotenez, ordea, horrek ez du esan nahi Frantziskoren egoerak okerrera egin duela.

Igandeko parte medikoaren arabera, Frantziskoren hemogoblina kontzentrazioak gora egin du larunbatean egin zizkioten odol transfusioei esker (globulu gorriak).

Horrez gain, larunbatean atzeman zioten tronbozitopenia (plaketak odolean normala baino kopuru txikiagoan) egonkor mantendu dela erakutsi dute odol analisiek.

Hala ere, odol analisi batzuek erakutsi zuten giltzurrunetako gutxiegitasun arina duela, eta, oraingoz, kontrolpean dute, Vatikanoak igandean zabaldutako parte medikoaren arabera.

"Aita santuaren egoerak kritikoa izaten jarraitzen du", eta "oraingoz pronostiko erreserbatua" du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gizartea bideoak Aita santua albisteak Albisteak Gaur Albisteak Italiako berriak Osasun albisteak Erlijioa albisteak gaur