Mundua -
ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK
Iragarritako aldaketa baten gakoak
Ultraeskuinak erakutsitako indarra, gobernu koalizioa osatzeko egon litekeen zailtasuna eta blokeo arriskua mahai gainean daude.
Agentziak | EITB MEDIA
Igande honetako Alemaniako legebiltzarreko hauteskundeak behin-behineko emaitzek argi erakusten dute eskuinera bira egin duela Alemaniak. Hala ere, Behe Ganbera oso zatituta egongo da, eta horrek gobernu egonkor bat eratzea zaildu dezake. 1990etik izan den parte-hartzerik handiena izan da igandeko hauteskundeetan eta mundu osoa adi dago hurrengo egunetan zer gertatzen den ikusteko.
Hauek dira egunak utzi dituen gakoetako batzuk:
Eskuina garaile
Bloke kontserbadore garailea oso urrun geratu da gehiengo absolututik, botoen % 30 baino gutxiago lortu baititu —gertu geratu bada ere—, eta historiako bigarren emaitzarik txarrena lortu du, 2021ekoen atzetik. Hala ere, Friedrich Merz izango da kantziler CDU alderdi eskuindarraren ordezkari gisa. Angela Merkelen arerio izandakoa, alderdiaren alde kontserbadoreenaren ordezkari da.
Aldi berean, Alemaniarako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarrak botoen % 20 baino gehiago lortu ditu, aurreko hauteskundeetako emaitza bikoiztu ditu eta 2013an sortu zenetik izandako emaitzarik onenak lortu ditu.
Ultraeskuinari betoa
Kontserbadoreek AfDrekin edozein motatako itunak negoziatzeari uko egin diote. Bi alderdiek legez kanpoko migrazioarekin amaitzeko eta asilo eskatzailei mugak ixtea defendatzen duten arren, CDUren buruak esan du ez duela koaliziorik egingo AfDrekin, Alice Weidel buru duten alderdiak eskua luzatu dien arren.
'Bosgarren zutabe' bat Bundestagen
Gobernuan sartzen ez bada, oposizioko buru izango da AfD alderdi ultraeskuindarra eta Elon Musk handiki teknologikoaren interesen 'bosgarren zutabe' gisa jardun dezake, kanpainan babesa eman baitio. Donald Trump AEBko presidenteak berak ere esan du gaurkoa "egun handia" izan dela Alemaniarentzat.
Gobernua eratzeko zailtasunak
Parlamentuan sartzeko botoen % 5 behar da eta bi alderdi —liberalak eta ezkerreko Sahra Wagenknecht Aliantza (BSW)— hortxe-hortxe daude. Beraz, zenbaketa amaitu arte ezingo da jakin zein izango den eserlekuen behin betiko banaketa.
Bi indarretako bat Behe Ganberan sartzen bada, oso litekeena da kontserbadoreek diputatu nahikorik ez izatea Olaf Scholz kantzilerraren sozialdemokratekin batera gehiengoa osatzeko, eta Berdeekin ere koalizio elkarrizketak hasi beharko lituzkete, nahiz eta aukera hori CDUren gustukoa ez izan.
Scholzen agurra
Alderdi Sozialdemokratak (SPD) 1980tik izan duen emaitzarik txarrena lortu du, eta hirugarren geratu da, botoen % 16 pasatxo lortuta. Scholzek emaitza "mingotsa" dela esan du, azken unera arte emaitza iraultzeko itxaropena baitzuen.
Kantzilerrak aurreratu du ez dela hurrengo Gobernuko kide izango, eta negoziazioetarako bere alderdiaren lidergoa Boris Pistorius egungo Defentsa ministroari utziko diola.
Blokeo arriskua
Merzek Gobernua Aste Santurako osatzea espero duela esan duen arren, Bundestagaren zatiketak ezegonkortasun handiko eszenatokia iradokitzen du, negoziaketak hiru talderen artean egin behar izanez gero, arazoak sortuko baitira.
Alemania atzeraldi ekonomikoan murgilduta dagoela kontuan izanda eta Europako kanpo politika ere kinka larrian dagoela jakinda, Alemaniari ez zaio komeni hilabete luzez gobernurik gabe izatea.