Mundua -
ESTATU BATUAK
AEBko burokrazia aparatua murriztea agindu dute Trumpek eta Muskek, batera egindako lehen elkarrizketan
Fox News katean hitz egin dute, bart, presidente estatubatuarrak eta haren gobernukideak. Erabateko sintonia azaldu dute gai guztietan, eta batak bestearen lana txalotzen zuen etengabe.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuetako burokrazia aparatua murriztea. Helburu hori erakutsi dute agintea hartu zutenetik Donald Trump eta Elon Musk AEBko presidenteak eta Gobernuaren Eraginkortasunerako Departamenduaren buruak, hurrenez hurren, eta hala berretsi dute, bart, elkarrekin egin duten lehen elkarrizketan.
Elkarri etengabe konplizitate keinuak egin eta batak bestearen lana goratzen aritu dira hizketan bi mandatariak Fox News telebista-katean, laguna duten Sean Hannity kazetariaren galderei erantzunez. "Enpresaburu bikaina", "pertsona ona", "herria maite duena" eta "denetan azkarrena". Besteak beste, hitzok erabili zituen Trumpek alboan eserita zuen Musk definitzeko. Deigarria izan zen, baita ere, aurkezleak bi gonbidatuekiko azaldu zuen sintonia, egiten ari ziren proposamenei bere babesa azaldu zien eta.
Tesla eta SpaceX enpresen fundatzaileak bere buruari botatako laudorioak ere ez dira oharkabean pasatu. 'Tech support' (zerbitzu teknikoa) zioen kamiseta jantzita, Muskek ziurtatu zuen berak garatutako teknologiak "mundu hobea" egiten laguntzen dutela. Argi utzi zuen bere misioa Trumpen "agindu exekutiboak aplikatzea" dela. "Gobernuaren Eraginkortasunerako Departamenduaren funtzio nagusia da ziurtatzea presidentearen agindu exekutiboak benetan betetzen ari direla", esan zuen Muskek. Horretarako, gehitu zuen, "burokrazia zaborretara" bota behar dutela, "demokrazia eta herriaren borondatea berrezartzeko". Iragarri zuen AEBko egungo defizita txikitzeko 3 bilioi dolarreko murrizketa egingo dutela hainbat alorretan.
Hori guztia lortzeko, "koefiziente intelektual altua" duten gazteak kontratatu dituela esan du Trumpek. Horien lana izango omen da "urteetan egindako iruzurrak eta xahutzea atzematea". Zehaztu du ez dituztela erretiro pentsioak ukituko, ezta Medicare eta Medicaid osasun programak ere. Hori bai, kanpainan behin eta berriz esan bezala, Hezkuntza Departamendua ezabatzeko asmo sendoa agertu du presidenteak, uste baitu eskumen hori estatuen esku utzita emaitza akademikoak nabarmen hobetuko direla.