Mundua -

HAUTESKUNDEAK

Bigarren itzulia izango da Ekuadorren, Noboa presidentearen eta Gonzalez correistaren artean

Noboak botoen % 44,63 eskuratu ditu, eta Gonzalezek, % 43,81. Bigarren itzulian, apirilaren 13an, Pachakutikeko ezkertiarrek izan dezakete garaipenaren giltza.

Gonzalez eta Noboa. Argazkia: EFE
Gonzalez eta Noboa. Argazkia: EFE

Gonzalez eta Noboa. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekuadorreko hauteskunde presidentzialek bigarren itzulia izango dute, apirilaren 13an, eta Daniel Noboa egungo presidente eta hautagaia eta Luisa Gonzalez correista lehiatuko dira.

Pasa den igandeko hauteskundeetan, Noboak eta Gonzalezek botoen % 88,27 pilatu zituzten, eta horrek agerian uzten du hauteskunde prozesu osoan izan den polarizazioa, beste 14 hautagai egonda ere, kanpaina bi hautagai horietara mugatu baita ia.

Botoen ia % 84 zenbatuta, Accion Democratica Nacionalen (ADN) hautagaiak botoen % 44,63 bereganatu ditu, eta Luisa Gonzalezek, % 43,81.

Hasiera batean, hauteslekuetako inkestak oinarri hartuta, bazirudien Noboak garaipen nabarmena lortuko zuela eta ez zela bigarren itzulirik izango. Baina lehenengo emaitza ofizialek agerian utzi zuten inork ez zuela botoen % 50eko langa gaindituko.

Hirugarren Pachakutik mugimendu indigena ezkertiarreko Leonidas Iza geratu zen, botoen % 4,92rekin, eta bere atzetik, Andrea Gonzalez Nader Sociedad Patrioticako ekintzaile ekologista, % 2,71ko babesarekin. Gainerako 12 hautagaiak % 1era ere ez ziren iritsi.

Bigarren itzuliari begira, boto gutxien jaso dituzten hautagai horien babesean egon daiteke garaipenaren giltza, bereziki Leonidas Izak botoa Gonzalezi emateko eskatzen badu, hark batasunerako deia egin ostean.

Polarizazio handia

Emaitzek agerian uzten dute, berriro, Ekuadorren bizi duten egoera politiko polarizatua; izan ere, Noboak correismoaren aurkako mugimendua gidatzen du, eta Gonzalez da Correa presidente ohiaren ondare aurrerakoiaren ordezkari nagusia.

2023ko bigarren itzulian, Noboa gailendu egin zitzaion Gonzalezi, ezusteko garaipena lortuta. Guillermo Lassok Gobernua behar zena baino lehenago utzi zuelako egin zituzten hauteskunde aurreratuak.

Dena den, Correarik gabeko correismoak lortu dituen emaitza onenak dira Gonzalezek eskuratu dituenak. Aurreko hauteskundeetan, Lenin Morenok botoen % 39,96 lortu zituen 2017an, Andres Arauzek % 32,72 2021ean, eta Gonzalezek % 33,61 2023an.

Rafael Correa Belgikan dago, errefuxiatu, 2020an ustelkeriagatik 8 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten eta.

"Garaipen handia" Gonzalezentzat

Noboa lehenengo itzulian garaipena eskuratzetik urrun geratu zela ikusi ostean, Gonzalezek esan du "garaipen handia" lortu duela hauteskundeetan.

"Garaile nagusiak gara. Hauteskunde-kanpainan Estatuaren ondasunak erabili dituen hautagai-presidente bati aurre egin behar izan diogu", kritikatu du Gonzalezek.

Gonzalezek horixe esan du Noboak Konstituzioak agintzen duen baimena eskatu gabe eta kargua Veronica Abad presidenteordearen esku utzi gabe egin duelako kanpaina.

Bien bitartean, Kitoko finantza eremuko hotel batean, ADNk ospakizun ekitaldi handia zuen prest, baina bertan behera geratu zen eta isiltasuna zen nagusi. Mugimendu ofizialistako inor ez zen agertu adierazpenak egitera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Ekuador Hauteskundeak