Mundua -
ENERGIAREN MERKATUA
Gazprom konpainiak Ukrainaren bidez Europara bidaltzen duen gas hornidura eten du
Errusiako gas korporazioaren arabera, urtea hastearekin batera agortu dira gasa garraiatzeko akordioak. Eslovakiak ohartarazi du etenak Europar Batasun osoan "eragin nabarmena" izango duela. Europako Batzordeak, aitzitik, nabarmendu du egoera berrira egokitzeko "prest" dagoela.
AGENTZIAK | EITB Media
Gazprom Errusiako energia konpainiak goizeko lehen orduan utzi dio Ukrainaren bidez Europara gas naturala bidaltzeari, horretarako Moscuk eta Kievek 2020ean sinatutako bost urterako akordioa iraungi baita.
Errusiako gas korporazioak emandako informazioaren arabera, Ukrainak behin eta berriro uko egin dio ituna luzatzeari, eta, urtea hastearekin batera aurreko akordioa iraungi denez, Gazpromek ez dauka gaitasun teknikorik eta legailik Ukrainako gas hodietatik barrena Europara gas naturala garraiatzen jarraitzeko.
Eslovakiako gobernuburuak ohartarazi du gas hornidura eteteak Europar Batasun osoan "eragin nabarmena" izango duela. Europako Batzordeak, aitzitik, nabarmendu du egoera berrira egokitzeko "prest" dagoela.
Robert Fico Eslovakiako lehen ministroak Urteberri eguneko mezuan adierazi duenez, erabakiak ondorio "gogorrak" izango ditu Batasunean, baina ez, ordea, Errusian.
Europako Batzordeak, bere aldetik, adierazi du erabakia ez duela ezustean harrapatu, eta, hortaz, Europar Batasuna prest dagoela egoera berriari aurre egiteko. Azpimarratu du, halaber, alternatiba modura mahai gainean hainbat ibilbide dituztela. Zehazki, ibilbide alternatiboak Alemaniatik, Italiatik eta Poloniatik, eta Greziatik eta Turkiatik barrena lirateke.
Transnistriak argindar hornidura moztu dio Moldaviari, gas eskasiagatik
Gainera, Transnistriak elektrizitate hornidura eten dio Moldaviari, Errusiako gasak Ukrainatik igarotzeari utzi ostean. Bertako zentral termoelektrikoak, sobietar errepublika ohi horretako bakarrak, erregai hori erabiltzen zuen. Zentral termoelektrikoa ikatza erabiltzen hasi da gaur, gasaren ordez.
Transnistriako telebistaren arabera, zentralak ikatz erreserbak ditu, ia bi hilabetez bertakoko kontsumitzaileei argindar hornidura bermatzeko.
Transnistriako zentralak Moldaviako energia premiaren % 80 betetzen zuen, eta orain Errumaniatik inportatu beharko du, garestiago.
Joan den abenduaren 13an, Moldaviak larrialdi energetiko egoera ezarri zuen 60 egunerako, krisi humanitario baten mehatxuaren aurrean, balizko gas faltaren ondorioz.
Neurri bera hartu zuten Transnistriako agintariek, eta Chisinauko Gobernuari leporatu zioten Gazpromi ez ordaintzea eta gas hornidurarako bide alternatiborik ez bilatzea.
Ukrainako gas hodi sistemaren bitartez Gazpromek gas naturala esportatu izan du Hungaria, Polonia, Errumania eta Eslovakiara, besteak beste, baina Errusiak 2022an Ukraina inbaditu zuenetik nabarmen gutxitu dira gas fluxuak.
Gaur arte, Txekiako Errepublika, Hungaria, Italia, Eslovenia, Austria eta Eslovakia ziren Ukrainatik barrena Errusiako gasa jasotzen zuten Europar Batasuneko herrialdeak. Horietatik Austria eta Eslovakia izango dira kaltetuenak, Errusiako gasak betetzen baitzuen eskariaren % 60 inguru. Dena den, bi herrialde horiek adierazi dute egoerari aurre egiteko moduan direla.
2022an Ukrainako gerra lehertu ondotik, Errusiako energiaren alternatibak bilatzeari ekin zion Europar Batasunak. Bide horretan, kontratuak itxi ditu Qatarrekin eta Ameriketako Estatu Batuekin.
Ukrainako gas hodi sistemaren bitartez Gazpromek gas naturala esportatu izan du Austria, Hungaria, Eslovakia eta Moldaviara, besteak beste.
Zelenskik "Moskuko porrotik handienetako bat" bezala ikusten du gas fluxua Europarantz etetea
Ukrainako presidenteak, Volodimir Zelenskik, uste du Errusiako gas fluxua Europarantz eteteak Vladimir Putin Errusiako presidentearen "porrot handienetako bat" dela.
"Putinek duela 25 urte baino gehiago Errusiako Presidentetza hartu zuenean, urtero 130.000 milioi metro kubiko gas bidaltzen zituen Europara Ukrainatik. Gaur zero da. Hori da Moskuren porrot handienetako bat ", adierazi du Ukrainako presidenteak X sare sozialean.
Zelenskiren esanetan, Moskuk "merkaturik errentagarrienetako eta geografikoki eskuragarrienetako bat galdu du, Errusiak energia militarizatu duelako eta bere kideek xantaia zinikoa egin dutelako".
Halaber, Europarako gas estatubatuarraren hornidura handitzea espero duela adierazi du, Donald Trump AEBetako presidente hautetsiak egindako proposamenaren ildotik. "Lankidetzak eta bazkideen gehieneko hornidurak merkatuko prezio erosoagoak ekarriko dituzte. Europako benetako bazkideen merkatuan gas gehiago dagoenean, Europak Errusiarekin duen mendekotasunaren azken ondorioak ezabatuko dira", amaitu du.