Mundua -

USTEZKO SABOTAJEA

Finlandia eta Estoniaren arteko itsaspeko kableari kalteak eragin zizkion petrolio-ontzia atxiki dute

Ontzia Porkkalatik Porvoora eraman dute larunbatean, ikerketarekin jarraitzeko. Ustez, sabotaje bat izan zen, eta ontzia Errusiaren 'itzaleko flota' izenarekin ezagutzen denaren parte izan litekeela uste dute.

Finlandiako Mugako Guardiako ontzi bat itsasontzi susmagarriaren aurrean. Argazkia: @SuomenPoliisi
Finlandiako Mugako Guardiako ontzi bat itsasontzi susmagarriaren aurrean. Argazkia: @SuomenPoliisi
Finlandiako Mugako Guardiako ontzi bat itsasontzi susmagarriaren aurrean. Argazkia: @SuomenPoliisi

Agencias | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finlandiako agintariek Eagle S petrolio-ontzia atxiki dute, Finlandia eta Estonia lotzen dituen EstLink 2 itsaspeko kablean izandako kalteen erantzule izan daitekeelakoan.

Ontzia Porkkalatik Porvoora eraman dute larunbatean, ikerketarekin jarraitzeko, YLE Finlandiako telebista publikoak jakitera eman duenez.

Heikki Porola Helsinkiko Poliziaren superintendenteak baieztatu du petrolio-ontzia 16:00ak aldera iritsi dela Porvoora, aurreikusi bezala.

"Ontziko kapitainak eta tripulazioak ontzian jarraitzen dute. Behin ainguratuta, berriro ekingo diogu ikerketari, ontzi horrek kalteak eragin ote zituen argitzeko", azaldu dio Porolak YLEri.

Horren hitzetan, Finlandiako agintariek Eguberri egunean esku-hartze azkarra egin izanak kalte handiagoak izatea saihestu zuen.

Estonia eta Finlandia arteko Estlink 2 kablea eten egin zen asteazkenean, eta Finlandiako agintariek uste dute sabotaje bat izan zela. Gertakariaren ostean, Eagle S petrolio-ontzia geldiarazi zuten. Cook uharteetako bandera duen ontziak aingurarekin egin zizkion kalteak kableari, horien ustez.

Europar Batasunaren arabera, ontzia Errusiaren 'itzaleko flota' izenarekin ezagutzen denaren parte izan daiteke, Errusiak petrolioa garraiatzeko zigorrei iskin egiteko erabiltzen omen dituen petrolio-ontzi eta kargaontzietako bat dela uste baitute.

Gertakari horren ostean Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak iragarri duenez, Aliantza Atlantikoak presentzia militarra areagotuko du Baltikoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia NATO Eguneko albisteak Albisteak Finlandia