Mundua -
NATO
NATOk presentzia handituko du Baltikoan, Finlandia eta Estonia arteko itsaspeko kablean arazoak izan ostean
Aliantza Atlantikoak Baltikoan duen presentzia militarra handituko du, EstLink2 itsaspeko elektrizitate kablean akatsak izan ostean.
Agentziak | EITB Media
Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak iragarri duenez, Aliantza Atlantikoak Baltikoan duen presentzia militarra handituko du, EstLink2 itsaspeko elektrizitate kablean akatsak izan ostean.
Ruttek telefonoz hitz egin du Alexander Stubb Finlandiako presidentearekin. X sare sozialean argitaratutako mezu baten arabera, Helsinkik zabaldutako ikerketa izan dute hizpide.
Bezperan Kristen Michal Estoniako lehen ministroarekin telefonoz hitz egin zuen Stubbek, eta prentsaurrekoan baieztatu duenez, NATOk Baltikoan Europako azpiegitura kritikoen inguruan duen presentzia indartuko du.
Finlandiako Poliziak ostiral honetan iragarri duenez, Eagle S ontziaren inguruko itsas hondoa ikertzen hasiko da. Ontzia Porkkala Finlandiako golkoko penintsularen aurrean atxiki dute, Helsinki hiriburutik 30 kilometrora.