Mundua -

ATENTATUA ALEMANIAN

Zalantza asko eta dolua Alemanian, Magdeburgeko Gabonetako merkatuan izandako harrapaketaren ondoren

Bost hildako eta 200 zauritu utzi ditu atentatuak. Islamarekin kritikoa den mediku saudiarabiar bat da erasoaren ustezko egilea baina arrazoiak ez daude argi. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak "batuta" egoteko deia egin die alemaniarrei eta "gorrotoan ez erortzeko" eskatu die.

Atentatua izan den merkatuaren ondoan loreak eta kandelak jarri dituzte. Argazkia: EFE
Atentatua izan den merkatuaren ondoan loreak eta kandelak jarri dituzte. Argazkia: EFE
Loreak eta kandelak biktimen oroimenez Magdeburgen

0:36

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dolu eguna izan da gaurkoa Alemanian, ostiral iluntzean Magdeburg hirian, Alemania ekialdean, saudiarabiar jatorriko mediku batek Gabonetako azoka txiki baten aurkako erasoa egin eta bost pertsona hil eta 200 zauritu ostean (41 larr daude). Galdera asko daude oraindik argitzeke.

"Herrialde osoa daukagu doluan", esan du Olaf Scholz kantzilerrak hirira egin duen bisitan. Alemaniako gobernuburuak krimen "lazgarria" eta "basatia" izan dela adierazi du, Reiner Haseloff, Saxonia-Anhalteko lehen ministroa ondoan zuela.

Biek hitz eman dute beharrezkoa den guztia egingo dutela gertatutakoa argitzeko eta egilea zigortzeko.

Herritarrek lorez bete dituzte hiriko hainbat puntu biktimen omenez eta merkatutik gertu dagoen katedralean ekitaldi erlijiosoa antolatu dute herritarren "batasunaren" alde.

"Delitugilea, haren ekintzak eta arrazoiak zehaztasunez ulertu behar ditugu, gero zigor-zuzenbidearekin eta beharrezko ondorio guztiekin erantzuteko, eta hala egingo dugu", adierazi du Scholzek erasoaren inguruan oraindik ere argitu gabe dauden zalantzetako batzuk aipatu dizkiotenean. Izan ere, erasoaren erantzulea atxilotuta dago baina bere motibazioa zehatzari buruz hainbat hipotesia daude.

Magdeburgoko ikerketaren ardura duten agintariek ez dute erasoaren motibazioari buruzko xehetasunik eman, baina "atentatu" deitu diote, Horst Nopens Alemaniako hiriko fiskalak erabilitako terminoaren arabera. "Atentatu batez ari gara baina atentatu terrorista izan ote den ez dakigu oraindik", zehaztu du du Nopensek. "Datuak biltegiratzeko gailuak, ordenagailuak eta gailu mugikorrak baloratu behar ditugu, eta, azkenean, zerk mugituarazi zuen jakingo dugu edo jakitea espero dugu".

Argitu beharreko beste inguruabar bat da erasotzailearen ibilgailuak nola lortu zuen Gabonetako merkatuan sartzea, Alemanian instalazio horiek segurtasun-neurri zorrotzak izan ohi dituztenean, 2016ko Gabonetan kamioi batek Berlingo azoka batean erasoa egin ondorenetik. Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain atentatu hura.

Magdeburgeko gabonetako azokan harrapaketa izan zen unea
Magdeburgeko gabonetako azokan harrapaketa izan zen unea
Magdeburgeko gabonetako azokan harrapaketa izan zen unea

0:41

Erasotzailearen profila

Nancy Faeser Alemaniako Barne ministroak ere prentsaurrekoa eman du gaur eta Magdeburgeko harrapaketaren ustezko egilea "islamofoboa da, argi eta garbi", esan du.

Alemaniako segurtasun-iturrien esanetan, Taleb Al Abdulmohsen da atxilotua, 50 urteko mediku saudiarabiarra, psikiatrian eta psikoterapian espezialista, eta bizileku-baimen iraunkorra du, 2016an errefuxiatu gisa onartua izan ondotik Alemanian.

DPA agentziaren arabera, duela urtebete inguru gizon honi buruzko ohartarazpena igorri zitzaien Alemaniako agintariei, horren joera erradikalagatik. Antza denez, Islamarekiko kritikoa den ekintzaile gisa aurkeztu zuen bere burua, "musulman ohi" gisa definituz.

Der Spiegel aldizkariak eta Frankfurter Rundchau egunkariak, besteak beste, zabaldu dutenez, atxilotuak fede musulmana utzi zuenetik bat egin du ultraeskuinaren mezurik erradikalenekin, Alemaniarako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarraren aldekoa da, eta Alemaniako Gobernuari mugimendu islamiarraren konplize izatea egozten dio, eta Angela Merkeli Europa islamizatzeko balizko plan batekin bat egitea.

Atxilotua 2006an iritsi zen Alemaniara, ikasle gisa, eta asiloa jaso zuen 2016ko uztailean, Islametik aldentzeagatik heriotza-mehatxuak jaso ondoren. Psikiatra gisa egiten zuen lan, eta Bernburgen bizi zen, 32.000 biztanleko hirian.

Ekintzaile gisa, Saudi Arabiako emakumeei euren herrialdetik ihes egiteko aukerei buruzko informazioa eta aholkuak ematen zizkien, eta Alemaniako asilo-sistemari buruzko informazioa biltzen zuen webgune bat zuen.

2009an Frankfurter Rundschau egunkariari emandako elkarrizketa batean esan zuen Saudi Arabiako emakume askok jotzen zutela berarengana babes bila, mendean zituen gizonak bortxatu ondoren. Alemaniako asilo-sistema emakume horientzat askatasunerako bidea zela esan zuen elkarrizketa horretan.

Urte bereko beste elkarrizketa batean, Frankfurter Allgemeine egunkarian, "Islamaren historiako kritikari handiena" bezala definitu zuen bere burua.

Une jakin batetik aurrera, Islamarekiko hartutako distantziak Alemaniako migrazio-politikaren aurkako jarrera zuzena izatera eraman zuen. Azaroan X sare sozialean mezua argitaratu zuen "Saudi Arabiako oposizioaren lau eskakizunekin", eta bertan esan zuen Alemaniak legez kanpoko migraziotik babestu behar zituela bere mugak. Gainera, Europa islamizatzeko plan bat izatea leporatu zion Merkeli.

Sare sozialetako beste mezu batzuetan, AfD goraipatu zuen Alemanian Islamari aurre egiten dion alderdi bakarra dela esanez, eta AfDrekin batera, musulman ohientzako akademia bat sortu nahi zuen Alemanian, Der Spiegelen arabera.

X sareko bere profilean argitaratu zuen biografian, "Alemaniak Europa islamizatu nahi du" esanez amaitu zuen testua.

Duela astebete, AEBko blog islamofobo baten bidez, bere elkarrizketa bat zabaldu zuen. Bertan esan zuen Alemaniako Estatuak operazio sekretu bat zuela Saudi Arabiako musulman ohiak mundu osoan jazartzeko, eta, aldi berean, asiloa ematen ziela jihadista siriarrei. Ezabatu egin zuen, baina beste mezu batean mendekua iragarri zuen, berriro, Die Welt egunkariaren arabera.

Azken asteetan ez du lanik egin, eta bajan egon da, Magdeburger Zeitung egunkariaren arabera.

Bost hildako eta 200 zauritu

Bost dira jada Magdeburgeko (Alemania) gabonetako azokan izandako harrapaketan hildakoak, eta zaurituak 200 baino gehiago dira, dozenaka zauritu larri tartean.

Hildakoen artean gutxienez adingabe bat dagoela jakinarazi du Reiner Haseloff Saxonia-Anhalteko lehen ministroak erasoa gertatu den lekuan bertan.

19:00ak pasatxo zirenean izan zen ostiralean erasoa. Erasotzaileak gabonetako azoka zeharkatu zuen, 400 bat metroan jendea aurrean eramanez, Municheko matrikula zuen alokatutako auto batekin.

magdeburgeko Gabonetako azoka. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak