Mundua -

Hego Korea

Hego Koreako Parlamentuak presidentea kargugabetu du

Gerra-legea ezartzeagatik Yoon Suk Yeol presidentearen aurka astebetean bozkatu duten bigarren mozioa da. Gerra-legea ordu batzuk geroago bertan behera utzi arren, barne krisia piztu da herrialdean.

Presidentea kargugabetu duen Hego Koreako Parlamentuko saioaren irudia. Argazkia: EFE
Presidentea kargugabetu duen Hego Koreako Parlamentuko saioaren irudia. Argazkia: EFE
Presidentea kargugabetu duen Hego Koreako Parlamentuko saioaren irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yoon Suk Yeol Hego Koreako presidentea kargugabetzeko mozioa onartu du larunbat honetan Hego Koreako Parlamentuak. Yookek gerra-legea onartu zuen duela hamar egun, baina handik ordu gutxira bertan behera utzi zuen. Dena dela, neurriak hautsak astindu zituen herrialdean.

Yoon kargutik kentzearen aldeko 204 boto, kontrako 85, 3 abstentzio eta 8 boto baliogabe izan dira, Yonhap Hego Koreako albiste agentziaren arabera.

Hego Koreako Asanblea Nazionalean astebetean bozkatu duten bigarren mozioa izan da. Aurreko larunbateko bozketan, mozioak ez zuen gehiengoa lortu, Yoonen alderdiak kontra bozkatu zuelako. Mozioak aurrera egiteko, 300 diputatuen 200ek (bi heren) babestu behar zuten.

Yoonen funtzioak Han Duck Soo lehen ministroaren esku geratu dira, Auzitegi Konstituzionalak kargugabetzeari buruzko erabakia hartu arte. 180 egun ditu hori egiteko, eta, Hego Koreako Konstituzioaren arabera, neurria eraginkorra izateko, beharrezkoa da Auzitegiak ontzat jotzea. Horretarako, epaimahaia osatzen duten bederatzi epaileetako seik aldeko botoa eman behar dute; hala ere, gaur egun hiru postu hutsik daude Gortean, eta, beraz, gainerako seiek aho batez eman beharko diote babesa kargugabetzeari.

Konstituzionalak oniritzia eman ondoren, hauteskunde aurreratuak deitu beharko dituzte herrialdean 60 eguneko epean.

Abenduaren 3an, ezustean, gerra-legea ezarri zuen Yoonek, herritarrei zuzendutako hitzaldi publiko batean, eta oposizioko kideei Ipar Korearekin kidetasunean aritzea leporatu zien. Fiskaltzak Yoon eta bere kabineteko hainbat kide ikertzen jarraitzen du, matxinada eta traizio delituak egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hego Korea