Mundua -
AEB
Amazonek eta Metak milioi bana dolar emango dute Trumpen inbestidurarako
Hilabete hasieran, Trumpek esan zuen "abantailak" eskainiko dizkiela inbestidura ekitaldirako milioi bat dolarretik gora ematen dituzten emaile handiei.
agentziak | EITB MEDIA
Amazon eta Meta erraldoi teknologikoek milioi bana dolar emango dute Donald Trump AEBko presidente hautatuaren inbestidurarako, The Wall Street Journal egunkariaren arabera.
Diru hori emateaz gain, Amazonek zuzenean eskainiko du ekitaldia Prime Video Internet bidezko streaming zerbitzuaren bidez. Metak, bestalde, milioi bat eman dio jada inbestidura ekitaldia antolatzeko sortu duten funtsari.
Hilabete hasieran, Trumpek esan zuen "abantailak" eskainiko dizkiela inbestidura ekitaldirako milioi bat dolarretik gora ematen dituzten emaile handiei, eta abantaila horien artean, besteak beste, AEBko Gobernuko kide izango direnekin egingo diren ekitaldietan parte hartzeko aukera aipatu zuen.
Trumpek aspalditik kritikatu ditu AEBko teknologia enpresa handiak, baina hauteskundeak irabazi ostean enpresa horietako exekutibo nagusiek zorion-mezuak bidali dizkiote eta ondo moldatzeko nahia agertu dute.
Amazonen kasuan, Trumpek Jeff Bezos (Amazonen fundatzailea) kritikatu du, batez ere Washington Post egunkariaren jabe delako, baina enpresaburua duela gutxi egindako promesen alde agertu da.
Trump Mark Zuckerbergekin (Meta) izan zen duela bi aste, ostegunean Sundar Pichairekin (Alphabet) bildu da eta datorren astean Bezosekin batuko da, CNBCri esan zionaren arabera.