Mundua -
FRANTZIA
Macronek Bayrou zentrista aukeratu du Frantziako lehen ministro kargurako
Urtea hasi zenetik Frantzian izendatzen duten laugarren lehen ministroa da, eta Michel Barnier ordezkatuko du. Harreman estua du Euskal Herriarekin, Pirinio Atlantikoetako presidente izan baitzen 1992tik 2001era bitartean.
EITB Media
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak François Bayrou aukeratu du lehen ministro kargurako, Michel Barnier buru zuen Frantziako Gobernuaren aurkako zentsura mozioa aurrera atera ostean irekitako krisi politikoa ixten ahalegintzeko.
Urtea hasi denetik Macronek izendatu duen laugarren lehen ministroa da Bayrou (73 urte), eta duela 9 egun zentsura mozio batek kargutik kendu zuen Barnier ordezkatuko du.
2014tik Pauko alkatea da eta baita MoDem alderdi zentristaren fundatzaile eta liderra ere. Lehen ministro izendatu ostean, Pauko alkate izateari utzi beharko dio.
François Bayrou Pauetik 20 kilometrora dagoen Borderes udalerrian jaio zen 1951. urtean, eta harreman estua du Euskal Herriarekin. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako (Ipar Euskal Herria eta Biarno) presidente izan zen 1992tik 2001era bitartean.
Tokiko hizkuntzen defendatzailea ere bada. Bere ama hizkuntza okzitaniera da eta Hezkuntza ministro zela tokiko hizkuntzen irakaskuntzaren aldeko zenbait neurri hartu zituen. Esaterako, 90eko hamarkadan Seaskako ikastolen normalizazio prozesua gauzatu zuen.
Politikari beteranoak 1982an hasi zuen bere ibilbide politikoa UDF alderdi demokristauaren baitan eta 1983tik 2012ra arte diputatu ere izan zen. Gerora, 2007an MoDem alderdia sortu zuen.
1993an Hezkuntza ministro izan zen Edouard Balladour lehen ministroaren gobernuan, eta hura babestu zuen 1995ean presidente kargurako aurkeztu zenean.
1999ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan zerrendaburu ere izan zen, François Hollanderekin eta Nicolas Sarkozyrekin lehian.
Hiru aldiz aurkeztu du bere burua Frantziako presidente izateko —2002an, 2012an eta 2012an— eta 2007an bigarren itzulira igarotzetik gertu gelditu zen. 2017an bere hautagaitza erretiratu eta Emmanuel Macronen alde egin zuen.
Ordutik beti izan da Macronen ondoan, bere alderdia Ensemble koalizioko kide da, eta bera Justizia ministro izan zen hilabetez Macronen lehen agintaldian.