Mundua -

Gerra

Siriako Armadak baieztatu egin du Alepo utzi duela, kontraerasorako prestatzen den bitartean

Lehen Al Nusra Frontea zenak eta Turkiaren babesa duten beste talde armatu batzuk erasoaldi "zabala" hasi zuten Libanon su-etena indarrean sartzearekin batera.

Desplazatuak, Alepon. Argazkia: EFE
Desplazatuak, Alepon. Argazkia: EFE
Desplazatuak, Alepon. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako Armadak baieztatu du Turkiaren babesa duten errebelde islamistek Aleporen "zati handi bat" hartu dutela, "dozenaka" baja izan dituztela, eta kontraerasoa prestatu artean erretiratu egin direla.

"Terrorista eta borroka fronte kopurua handia zenez, Armadak atzera egin du defentsa lerroak indartzeko, erasoari aurre egiteko, zibilen eta soldaduen bizitzak babesteko, eta kontraerasorako prestatzeko", adierazi du Siriako Armadak.

Duela lau egun, lehen Al Nusra Frontea zen Ekialdea Askatzeko Erakundea talde islamistak eta Turkiaren babesa duten beste talde batzuek erasoaldi "zabala" abiatu zuten Alepo probintziako zenbait puntutan eta Idliben.

Siriako Armadaren arabera, oposizioko talde horiek "milaka terrorista atzerritarrek" osatzen dituzte, "arma indartsuak eta droneak dituzte", eta azken egunotan 100 kilometroko lerroan borrokatu dira haien aurka.

Turkiak Damaskorekin harremanak berrezarri nahi dituen une batean iritsi da erasoaldia, eta Siriako Gobernuak jada adierazi du Ankarak tropa guztiak kendu behar dituela Siria Iparraldetik eta oposizioko talderik ez babestu, duela 13 urte hasitako gerratik hautsita dauden harremanak normaldu nahi izanez gero.

Erasoaldia Libanon su-etena indarrean sartu zen unean hasi zen, Israelek Hezbollahri Libanon eta Sirian kolpe gogorrak eman ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Eguneko albisteak Albisteak Turkia Siria