Mundua -
EGIPTO
Ontzi turistiko bat hondoratu da Itsaso Gorrian, eta, gutxienez, 5 turista espainiar daude desagertuta
Egiptoko agintariek zabaldutako informazioaren arabera, oraingoz 16 pertsona bizirik erreskatatu ahal izan dituzte. Ontzi barruan 45 pertsona zeuden, 31 turista eta tripulazioko 14 kide.
EITB Media
45 pertsona —gehienak, turistak— zeramatzan itsasontzi turistiko bat hondoratu da gaur goizaldean Itsaso Gorrian, Egipto parean.
Sea Story izeneko ontzian 31 turista eta tripulazioko 14 kide zihoazen, eta Egiptoko agintariek jakinarazi dutenez, oraingoz erreskate zerbitzuek 16 pertsona bizirik erreskatatu ahal izan dituzte. EITB Mediak jakin ahal izan duenez, desagertutakoen artean bost turista espainiar daude.
Ezbeharra 05:30ak aldera gertatu da (03:30, Euskal Herrian), oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, urpekaritzako bidaia bat egiten ari zen ontzia hondoratu egin da Al Ghadeer inguruan, Marsa Alam eskualdean, eta Cairo hiriburutik 740 kilometrora.
Itxuraz, itsasontzia igandean irten zen Hurgada hiritik, Itsaso Gorrian sei eguneko urpekaritza bidaia bat egiteko.
Egiptoko Armadaren helikoptero bat eta fragata bat desagertutako pertsonen bila ari dira.