Mundua -
Ukraina-Errusia gerra
Ukrainak Erresuma Batuko Storm Shadow misilak erabili ditu Errusiaren aurka, lehen aldiz
Misil baten hondakinak aurkitu dituzte Kursken, Ukrainako mugan dagoen Errusiako eskualdean. Storm Shadow misilak jaurti dituzte Moskuk bere lurraldearen kontra AEBren irismen luzeko misilak jaurti dituztela ziurtatu eta hurrengo egunean.
Agentziak | EITB Media
Ukrainak lehen aldiz erabili ditu Erresuma Batuak emandako Storm Shadow irismen luzeko misilak, Londresko hedabideek jakitera eman dutenez.
Misil baten hondakinak aurkitu dituzte Kursken, Ukrainako mugan dagoen Errusiako eskualdean, kanal militar batek Telegramen argitaratu duenez, Financial Times egunkariaren arabera.
Storm Shadow misilak jaurti dituzte Moskuk AEBren irismen luzeko misilak bere lurraldearen aurka jaurti dituztela ziurtatu eta biharamunean.
EFE albiste-agentzia Erresuma Batuko Defentsa Ministerioarem bozeramaile batekin harremanetan jarri da, baina hark ez du albistea baieztatu, ezta gezurtatu ere: "Une honetan, ez dugu adierazpenik egingo, baina berriak daudenean jakinaraziko ditugu".
Era berean, Downing Streetek (Erresuma Batuko lehen ministroaren bulegoa) ere ez du adierazpen ofizialik egin, eta, ohiko politikari jarraituta, uko egin dio Kievi Errusian irismen luzeko misilak erabiltzea baimentzeari buruzko politikan aldaketarik egiteari.
Erantzun gisa, Vladimir Putin Errusiako presidenteak asteartean doktrina berri bat onartu zuen, Errusiaren eta Bielorrusiaren subiranotasuna mehatxatzen duten eraso konbentzionalei armamentu nuklearrarekin erantzutea ahalbidetzen duena. Ameriketako Estatu Batuek eta Espainiak behin-behinean Kieveko enbaxadak ixtea erabaki dute, Errusiak asteazken honetan Ukrainako hiriburuaren aurkako aire eraso handi bat egingo zuen beldur.
Rio de Janeiroko G20ko goi-bileratik kanpo, Ukrainak Storm Shadows misilak eta Frantziako Scalp misil baliokideak erabiltzeari buruz eztabaidatu zuten mendebaldeko funtzionarioen arteko elkarrizketa informaletan, elkarrizketetan parte hartu duten iturriek Financial Times egunkariari adierazi diotenez.
Bestalde, Joe Biden AEBko presidenteak baimendu egin du Ukrainari pertsonen aurkako lurreko minak bidaltzea, Administrazio estatubatuarreko funtzionarioek AEBko eta Erresuma Batuko hainbat hedabideri (tartean, The Washington Post eta BBC telebista britainiarra) jakinarazi dietenez.