Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Horrela geratzen ari da Donald Trumpen Gobernu taldea

Agintariak aukeratutakoek profil komuna dute: leialtasun osoa erakutsi diote, irmo babestu dituzte haren neurri polemikoenak eta presentzia ona dute telebistan.

Donald Trumpen Gobernua. EFE
Donald Trumpen Gobernua. EFE
Donald Trumpen Gobernua. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidentea dagoeneko hasi da bere lantaldea osatzen, antzeko profila duten hautagaiak aukeratuta: leialtasun osoa erakutsi diote, irmo babestu dituzte haren neurri polemikoenak (pertsona migratzaileen deportazio masiboak, besteak beste) eta presentzia ona dute telebistan.

Senatuak izendapen horietako batzuk berretsi beharko ditu, eta urtarriletik aurrera 53 eserlekuko gehiengoa izango dute errepublikanoek, baina barne zatiketek hausteko arriskua dago. Horren aurrean, Trumpek aurreratu du ganbera hori saihesten eta aldebakarreko izendapenak egiten saiatuko dela.

Orain arte, hauek dira Trumpek aukeratutako pertsonak:

- Susie Wiles, kabineteburua

Historia egingo du kabineteburu kargua hartuko duen lehen emakumea izango baita. Floridako politikan eskarmentu handia izanik, Wilesek zuzendu zuen Trumpen 2016ko kanpaina, eta estrategiaren arduraduna izan du azken hauteskundeetan. Askok uste dute estrategia hori aurrekoetan baino sofistikatuagoa eta hobea izan dela.

Wiles, bigarrena ezkerretik hasita, Trumpen hitzaldi batean. Argazkia: EFE

- Stephen Miller, Etxe Zuriko politikako zuzendariordea

Familia migratzaileak banatzeko politiken eta gehiengo musulmana duten herrialdeetako pertsonei sarrera debekatzearen arduraduna izan zen Trumpen lehen agintaldian. Deportazio masiboak egiteko asmoaren ideologoa da orain. "Estatu Batuak estatubatuarrentzat eta soilik estatubatuarrentzat" da horren esaldi polemikoetako bat.

Stephen Miller. Argazkia. EFE

- Matt Gaetz, fiskal nagusia

Kongresuko ordezkaririk leialenetakoa du Trumpek. Horren izendapena harrigarrienetakoa da, eta zalantzan dago errepublikanoek agintzen duten Senatu batek babestuko duen. Polemikoa da, adingabe baten sexu-trafikoa leporatu zioten, eta Ordezkarien Ganberako Etika Batzordea ikertzen ari da horregatik, baita drogak erabiltzeagatik ere.

Matt Gaetz. Artxiboko argazkia: EFE

- Marco Rubio, Estatu idazkaria

2011tik Floridako senataria da Marco Rubio, kubatar jatorrikoa, eta atzerri politikan gidaritzat dute: Txina eta Iranen aurkako politika gogorra defendatu du, eta Kubaren, Venezuelaren eta Nikaraguaren kontrako zigorren aldekoa da. Egun Trumpen jarraitzaile leiala da, baina bien arteko lehia bizia izan zen 2016an, errepublikanoen presidentetzarako izendapena lortzeko deman, eta Trumpek irabazi zuen azkenean.

Rubio, Trumpen kanpainako mitin batean. EFE

- Elon Musk, Gobernuaren Eraginkortasunerako zuzendaria

SpaceX, Tesla eta X sare sozialaren jabea munduko pertsonarik aberatsena da. Iraganean Trump kritikatu zuzen, baina presidente hautetsiaren emaile handienetakoa izan da kanpainan, eta orain, Vivek Ramaswamy enpresaburuarekin batera, Gobernuaren Eraginkortasunerako erakunde bat zuzenduko du. Aurrekontu federalaren herena murriztuko duela agindu du.

Elon Musk, Trumpen kanpainako ekitaldi batean. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

- Tulsi Gabbard, Inteligentzia Nazionaleko zuzendaria

Gabbard Alderdi Demokratako militante aipagarria izan zen hamarkada batez, nahiz eta gero eta polemikoagoa izan. Kongresutik igaro ostean, 2020ko primarioetan lehiatu zen, Kamala Harris presidenteordeari aurre eginez. 2022an, alderdia utzi zuen, eta tesi kontserbadoreak besarkatzen hasi zen, Fox Newsen eskutik Trumpen orbitara iritsi arte.

Tulsi Gabbard. Argazkia: EFE

- John Ratcliffe, CIAko zuzendaria

Trumpen lehen agintaldiko Inteligentzia Nazionaleko zuzendaria, kongresista ohia ere bada. "Borrokalari" gisa definitu du Trumpek. Ratcliffek Txina jarri zuen inteligentziaren jomugan, Asiako erraldoiaren eta Errusia edo Iranen artean espioi estatubatuarren neurketa-makila bikoitza salatuz.

John Ratcliffe. Argazkia: EFE

- Elise Stefanik, enbaxadorea NBEn

Kongresura New Yorkeko ordezkari moderatuaren profilarekin iritsi zen, baina Trumpen etorrerarekin erradikalizatu egin zen eta gora egin zuen errepublikanoen artean. Gazan gatazka areagotu ondoren, Stefanik Israelen defendatzaile zorrotz gisa kokatu zen, eta palestinarren aldeko ikasleak eta unibertsitateak estu hartu ditu.

Elise Stefanik. Argazkia: EFE

- Pete Hegseth, Pentagonoko burua

Fox Newseko aurkezlea ez da oso aukera konbentzionala munduko Indar Armatu boteretsuenak zuzentzeko. Nazioarteko esperientziarik gabe, Hegseth beteranoa da Irakeko eta Afganistango gerretan, eta berdintasuna eta inklusioa sustatzen duten "woke" programen aurka agertu da.

Pete Hegseth. Argazkia: EFE

- Kristi Noem, Segurtasun Nazionaleko idazkaria

Hego Dakotako gobernadorea Trumpen presidenteordea izan zitekeela zabaldu zen, baina bere aukerak zapuztu ziren txakurkume bat tiroz hil zuela aitortu ondoren. Eskuin muturreko ideiak defendatu ditu: trans eskubideen aurkako politikak eta Guardia Nazionaleko tropak Texaseko mugara bidaltzea, esaterako.

Kristi Noem. Argazkia: EFE

- Thomas Homan, immigrazio zuzendaria

Migrazio agentziaren (ICE) buru izan zen Trumpen lehen agintaldian, eta Barack Obamaren Gobernuko deportazioen arduraduna izan zen. Familiak banatzeko politikan ere parte hartu zuen, eta sarekada gehiago agindu ditu lantokietan paperik gabeko pertsonak atxilotzeko, horretarako militarrak erabiltzeari atea irekiz.

Thomas Homan. Argazkia: EFE

- Robert F. Kennedy Jr., Osasun idazkaria

Presidentegai ohia, txertoei buruzko konspirazio teoriengatik ezaguna, Robert F. Kennedy AEBko fiskal nagusi ohiaren semea eta John F. Kennedy presidente ohiaren iloba da, biak 60ko hamarkadan erailak. Kennedy klanaren zati handi batek bizkarra eman zion bere konspirazio teoriengatik.

Kennedy, Trumpen mitin batean. Artxiboko argazkia: EFE

- Doug Burgum, Barne idazkaria

68 urteko Ipar Dakotako gobernadorea arrisku-kapitalaren inbertitzailea da. AEBko baliabide natural gehienak kudeatzeaz arduratuko den departamentu baten arduraduna izango da, eta, besteak beste, Geologia Zerbitzua eta Parke Nazionalen Zerbitzua gidatuko ditu. Burgumek Etxe Zurirako hautagaitza aurkeztu zuen aurten, AEBko energia ekoizpena askatzeko promesak eta politika klimatikoen aurkako kritikak eginez.

- Steven Cheung, presidentearen aholkularia eta Etxe Zuriko Komunikazio zuzendaria

Trumpen presidentetzarako kanpainako komunikazio zuzendaria izan da. Errepublikanoen Gobernuan (2017-2021), Cheung Erantzun Estrategikoko zuzendaria izan zen.

- Sergio Gor, presidentearen laguntzailea eta presidentearen bulegoko zuzendaria

Winning Team Publishing enpresako zuzendari exekutiboa izan zen, Right For America Trumpen kanpainarako dirua biltzeko batzordea ere zuzentzen zuen bitartean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Donald Trump hesia