Mundua -
AEB-ko hauteskundeak
Ekonomia, immigrazioa, abortua... AEBko hauteskundeetan erabakigarriak izango diren gaiak
Inkesten arabera, inoiz baino parekatuago daude bi hautagaiak; hori horrela, garrantzitsua da ulertzea zeintzuk gai diren hautesleen lehentasunak, botoa emateko orduan.
EITB MEDIA
Astearte honetan erabakiko da nor izango den AEBko presidentea: Donald Trump errepublikanoa edo Kamala Harris demokrata. Inkesten arabera, inoiz baino parekatuago daude bi hautagaiak; hori horrela, garrantzitsua da ulertzea zeintzuk gai diren hautesleen lehentasunak botoa emateko orduan. Hona hemen hauteskundeon emaitza defini lezaketen gako batzuk.
Ekonomia
Pew Research Centerren arabera, ekonomia da AEBko hautesleen artean interes gehien pizten duen gaia; % 81ek onartzen dute hori kontuan hartuko dutela botoa ematerakoan. Bi hautagaiek badakite hori, eta, horregatik, kanpainaren zati handi baten protagonista izan da ekonomia, abortua eta immigrazioarekin batera.
Ikerketa horren arabera, hautesleen erdiek baino gehiagok uste dute Trumpek hobeto gobernatuko lukeela ekonomia aurkari demokratak baino; beraz, herritarrek ekonomiaren pertzepzio negatiboa badute, horrek mesede egin diezaioke hautagai errepublikanoari, gobernu demokratak ekarritako inflazio egoera "konpontzeko" gai dela argudiatuta.
Bien bitartean, Harrisek klase ertainaren hautagai gisa aurkeztu du bere burua, eta etxebizitzaren, elikagaien eta sendagaien prezioak murriztuko dituela agindu du.
Eskubide sozialak eta abortua
Estatu Batuetako Gorte Gorenak "Roe vs Wade" izeneko epai historikoa baliogabetu zuen 2022an. Horrek abortatzeko eskubidea bermatzen zuen 1973tik eta, ondorioz, hori baliogabetu ondoren, eztabaida politikoaren gai nagusietako bat izan da abortua.
Trumpek epai hori baliogabetzea lortu zuen, AEBko auzitegi gorenean epaile kontserbadoreen gehiengoa izendatuta; hala ere, gaur-gaurkoz, kanpainan diskurtsoa moderatzen saiatu da, eta horrek nahigabea eragin dezake abortua erabat debekatzearen alde dauden emakume kontserbadoreen artean. Era berean, abortuari dagokionez jarrera malguagoak dituen hautesle errepublikanoak ere ez lituzke askietsiko.
Bestalde, Harris eta demokratak ugalketa-eskubideen alde agertu dira, eta horrek bereziki emakume progresistak mugiaraz ditzake.
Immigrazioa eta segurtasuna
Beste gai garrantzitsu bat immigrazioa da. 45 milioi pertsona migratzaile baino gehiago bizi dira herrialdean, eta inkesten arabera, hautesleen % 50ek uste dute kopuru hori murriztu egin beharko litzatekeela. Errepublikanoek jarrera gogorra dute immigrazioaren inguruan, eta Trumpek, besteak beste, egoera irregularrean dauden gizon-emakumeen deportazio masiboa proposatu du.
Bidenen administrazio demokrata migrazioari lotutako erreforma bat bultzatzen saiatu zen, eta Trumpek immigrazioa geldiarazteko ezarritako neurri asko alde batera utzi. Agintaldi honetan, ordea, hegoaldeko muga zeharkatzen ari diren pertsona migratzaileen "karabanen" irudiak ugaritu egin dira, eta horrek errepublikanoen diskurtsoari hauspoa eman dio, mugen gaineko "kontrol falta" salatuz eta "mugarik gabeko" immigrazioaren ondorioak saihesteko eskatuz, hala nola ustezko kriminalitatearen "areagotzea".
Polarizazioa
Hautagai errepublikanoak askotariko eskandalu eta epaiketak dituen arren, Trumpen jarraitzaileen oinarria oso leiala da. Boto-emaile horiek ordezkatuta sentitzen dira establishment delakoaren aurkako erretorikagatik eta politikaren elitearen aurkako oposizioagatik, eta, beraz, litekeena da boto-emaile masa horrek Trumpen alde egitea.
Bien bitartean, Harrisek Trumpen aurkako boto-emaileei etekina atera liezaieke, horiek demokratak begiko izan gabe; izan ere, hautagai errepublikanoa Etxe Zurira itzultzea saihesteko bozkatuko lukete Harrisen alde, besterik ez.
Borroka sare sozialetan
Ildo beretik, jarraitzaileak sare sozialen bidez mobilizatzeko gaitasunean maisua dela erakutsi du Trumpek, eta plataforma batzuetan blokeatu badute ere, hedabide alternatibo jakin batzuetan oraindik ere nagusi den pertsonetako bat da. Harrisek, berriz, ez du horrelako gaitasunik, eta mezu argia eta birala zabaldu behar du sareetan, bere boto-emaileak erakartzeko eta aurkariaren etengabeko erasoei aurre egiteko.
Armen erregulazioa
AEB armen herrialdea da, eta hori da balantzak hautagai baten edo bestearen alde egitea eragin dezakeen beste gaietako bat. Tradizionalki, demokratek errepublikanoek baino gehiago babesten dituzte armen murrizketak; hala ere, kanpainan zehar, Harrisek saihestu egin du armen aurkako hautagai gisa agertzea, boto-emaile independenteekin eta errepublikano moderatuekin konektatzeko.
Trumpek, aldiz, azpimarratu du Erriflearen Elkarte Nazionalaren (NRA, ingelesezko sigletan) "lagunik onena" duela, eta Konstituzioaren Bigarren Zuzenketaren defendatzaile sutsu gisa agertu du bere burua. Harris, berriz, erdibidean dago; hautagai demokratak erakutsi nahi du errespetatzen duela Konstituzioan jasotako armak eramateko eskubidea, baina, aldi berean, herrialdearen arazo handienetako bat konpondu nahi du: 2023an, 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren armen ondorioz.
Gerra eta bakea
Trumpek "bakearen bermatzailea" dela esan du kanpainan, eta lau urtez presidentearen karguan jarraitu izan balu, Vladimir Putin ez zela Ukraina inbaditzera ausartuko edo ez litzatekeela Ekialde Hurbilean egungo indarkeria gorakadarik izango azpimarratu du. Hala ere, bi hautagaiek argi utzi dute Israel dela eskualde horretako aliatu nagusia.