Mundua -
Profila
Donald Trump, boterea berreskuratu nahi duen presidente ohia
Joe Bidenen kontra hauteskundeak galdu eta Kapitolioaren erasoetatik lau urtera, Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzara heldu nahi du berriro, Kamala Harris presidenteordea aurkari duela. Bere politiken artean, migratzaileak era masiboan deportatzea.
Agentziak | EITB Media
Amerikako Estatu Batuetako Presidentetza eskuratu eta zortzi urtera, eta oraindik onartu ez duen porrot ozenetik lau urte eta gero, Donald Trumpek presidente izatera heldu nahi du. Nolanahi ere, oraingoan bere azken saiakera izango da.
78 urterekin, berriz hautatua izanez gero, bigarren presidenterik zaharrena izango litzateke. Izan ere, AEBko historian egon den hautagairik adinekoena da.
Zigortutako lehen agintari ohi izan da, baina berak esan du "sorgin ehiza" baten biktima dela, politikatik aldendu dadin, eta AEBren buru omen den Washingtongo "zingira" delakoaren lobbyaren kontra egin gu. Trumpek hauteskundeetako funtzionarioak, emaileak, Google eta beste batzuk auzipetzeko mehatxua egin du, garaipena lortuz gero.
Joe Bidenen aurkako 2020ko porrota iruzurra izan zela dio Trumpek, eta 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioari eraso zioten jarraitzaileei indultua emango diela agindu du. Erasoak hauteskundeen emaitzak berresteko bilera bat egiten ari zirenean egin zituzte, eta presidente ohiaren aurkako bigarren epaiketa politiko bat ekarri zuten (orduko hartan ere ez zuen zigorrik jaso), nahiz eta egun horretako ekintzengatik oraindik ere beste auzi batzuk dauden.
Hautagai errepublikanoak 2016an presidentziara eraman zuen estilo polemikoari eutsi dio. Alderdi Errepublikanoaren barruan ere, Kamala Harris hautagai demokratari eraso egiteagatik kritikatu dute, bere generoa eta azalaren kolorea aipatu duelako.
Bere kanpainan zehar, bi aldiz saiatu dira Trump erailtzen. Lehenengo hilketa-saiakeran belarrian zauria eragin zioten, tiro batek jota, hitzaldi bat ematen ari zela.
Trumpek immigrazioa bere politiken eta kanpainaren gai nagusi bihurtu du. Deportazio masiboak agindu ditu, aldi baterako baimena duten migratzaile haitiarrak ere. Jaiotzagatiko nazionalitate automatikoarekin amaitu nahi du, Konstituzioak ezinezko egiten duela dirudien arren, eta hainbat herrialdetako pertsonei sarrera debekatu nahi die.
Azken egunetako mitin batean, Trumpek baino lehen hitz egin zuen umoregile batek Puerto Rico "ozeanoaren erdian dagoen zabor-uharte flotatzaile" gisa deskribatu zuen. Presidente ohiaren taldea hitzotatik aldendu da, baina horrek ez du saihestu polemika, komunitate latinoaren aurka egindako beste iruzkin arrazisten aurrean.
Hautagai errepublikanoa abortatzeko eskubidea estatuen esku uztearen aldekoa da, eta Auzitegi Gorenak Roe vs. Wade auziaren epaia baliogabetzeko hartutako erabakiaz harro dago.
Trumpen proposamen ekonomikoak produktu eta herrialde jakin batzuen muga-zergen igoeran oinarritzen dira. Bere agintaldian, Txinarekin muga-zergen gerra abiatu zuen, merkataritza-balantzan Asiako herrialdeak egindako sorpassoaren ondoren. Zergen jaitsierak eta Bidenen politika klimatikoaren zati handi bat iraultzea ere iragarri du.
Presidente ohiak J. D. Vance senataria eta Armadako beteranoa darama presidenteorde izateko hautagai gisa. Trumpen bidelaguna Project 2025en defendatzailea da. Heritage Fundazioak diseinatutako plan ultrakontserbadorea da, funtzionario federalen ordez fededunak jartzeko, Trumpek garaipena lortuz gero. Hala ere, presidente ohia proiektu hortik aldendu da.
Nazioarteko gaien artean, Trumpek bere agintaldian hasitako bide berari eusten dio: NATOrekiko harremana aldatzea, gainerako kideen ekarpen militarra handitzeko. Trumpek gogor kritikatu du Biden Ukrainako gerragatik, eta presidente denean gerra amaituko dela ziurtatu du.
Trumpek, bere agintaldian NBEren ebazpenei muzin eginda Jerusalem Israelgo hiriburu gisa onartu eta AEBko enbaxada hara eraman ondoren, orain Hamas "suntsitzeaz" eta Iranen aurka gogorragoak izateaz hitz egin du.
Bere alderdiaren barruan ere kritikak jasan ditu, bere joera autoritarioengatik. John Kellyk, Etxe Zuriko idazkari nagusia izandakoa, hain zuzen, faxistatzat jo zuen. Inkesten arabera, Harrisen eta Trumpen arteko lasterketa estua izango da, "herrialdearen historiako egunik garrantzitsuenean", presidente ohiaren hitzetan.