Mundua -
HAUTESKUNDEAK URUGUAIN
Orsi eta Delgado lehiatuko dira bigarren itzulian, Uruguaiko presidente izateko
Lehen itzulian aurkeztu diren hamaika hautagaietako bakar batek ere ez du botoen % 50 gainditu eta bi bozkatuenak azaroaren 24an egingo den bigarren itzulira igaro dira. Yamandu Orsik edo Alvaro Delgadok Luis Lacalle egungo presidentea ordezkatuko du.
Agentziak | EITB Media
Yamandu Orsi Fronte Zabalako hautagai progresista (% 43,7) eta Alderdi Nazionala talde kontserbadoreko Alvaro Delgado ofizialista (% 26,89) aurrez aurre izango dira azaroaren 24ko Uruguaiko hauteskundeen bigarren itzulian. Haiek eskuratu zituzten, hain zuzen ere, igandeko hauteskundeetan boza-kopururik gehien (% 97).
Hirugarren tokian gelditu da Andres Ojeda hautagai sozialdemokrata, botoen % 16 eskuratuta. Gainerako hautagaiek ez dute botoen % 5eko langa gainditu.
Lehen itzulian aurkeztu diren hamaika hautagaietako bakar batek ere ez du botoen % 50 baino gehiago eskuratu, eta horregatik bi bozkatuenak bigarren itzulian lehiatuko dira datorren azaroaren 24an.
Pepe Mujica presidente ohiak babestutako Yamandu Orsi Fronte Zabala alderdiko hautagaia zen faborito nagusia, baina ez du lehen itzulian irabazterik lortu. Dena den, hauteskunde emaitzak ezagutu berritan, azken ahalegina egiteko gogotsu dagoela aldarrikatu du.
Bestalde, Alvaro Delgado hautagaiak iragarri duenez, astelehen honetan bere taldea elkartuko du, azaroaren 24ko kanpaina prestatzeko. Atzetik egonagatik ere, hobera egiteko itxaropena agertu du.