Mundua -
MIGRAZIOA
Europako Batzordea EBtik kanpo "itzulera zentroak" irekitzea aztertzen ari da, migratzaileak deportatzeko
Europako Batzordeko presidenteak 27 estatukideei igorritako gutun batean migrazioari buruzko araudia aldatzea proposatzen du, besteak beste, deportazioak azkartzeko. Horretarako, Italiak eta Albaniak elkarrekin adostutako eredua jarri du adibidetzat.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasunetik kanpo "itzulera zentroak" sortu eta legez kanpoko migratzaileen deportazioa azkartzea. Hori da, besteak beste, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak 27 estatukideei proposatuko diena, datorren ostegun eta ostiralean Bruselan egingo den goi-bileran.
Batzarrera eramango duen txostena aurreratu die estatuburuei Von der Leyenek, gutun batean. 'Legez kanpoko migrazioari aurre egiteko neurri berritzaileak diseinatzea' da testuak jasotzen duen hamar puntuetako baten goiburua. Bertan zehazten denez, gaiaren inguruan Italiak eta Albaniak adostutako eredua baliagarria izan daiteke, etorkizunera begirako erabakiak hartzeko.
"Barne Gaietarako eta Migraziorako Komisarioari eskatu diot zuzendu dezala legez kanpoko migrazioari aurre egiteko konponbideei buruzko gogoeta eta estatukideen proposamenak kudeatu ditzala. EBren printzipioak oinarri hartuta eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuta, migratzaileentzat bidezkoak eta jasangarriak izango diren konponbideak bermatu behar dira", esan du Von der Leyenek eskutitzean.
Halaber, buruzagi alemaniarrak esan du erbesteratze prozesuak azkartzeko plana aurkeztuko duela goi-bileran, eta herrialdeen arteko lankidetza "argia" ezinbestekoa izango dela erantsi du.
Meloni, harro
Orain arte, Italiak bakarrik babesten zituen politikak Europa osora zabaldu daitezkeela eta, harro mintzatu da gaur Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa, bere gobernua "eredu" bihurtu dela esanez.
Italiako Parlamentuan egindako agerraldian, Melonik azaldu du EBko kideentzat "eredu ona" dela Albaniarekin adostu berri duten migrazio plana. Atzo hasi zen Italia Mediterraneo itsasotik erreskatatutako migratzaileak Albaniako lurretan eraiki dituzten bi zentroetako batera bidaltzen. "Konponbide berria eta ausarta" dela esan du buruzagi italiarrak.
Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek, baita Nazio Batuen Erakundeak ere, gogor kritikatu dute migratzaileak kanporatzeko prozedura.