Mundua -
SOSLAIA
Hassan Nasrallah, Hezbollahren sortzaile eta burua 30 urtez
Beiruten 1960an jaioa, Hezbollah (Jainkoaren Alderdia) sortu zutenetako bat izan zen 1982an, eta ordutik izan da horren zuzendaritza-organoa den Zazpien Kontseiluko kidea. Alderdi-miliziaren idazkaritza 1992an hartu zuen, eta 2006tik ezkutuan bizi izan da.
EFE | EITB
Israelgo Armadak Hezbollah alderdi-miliziaren buru Hassan Nasrallah hil du Beiruteko aldirietan egindako bonbardaketa batean. Haren heriotza, Joav Gallant Israelgo Defentsa ministroaren arabera, "Israelen historiako operazio garrantzitsuenetako bat da". Hil berri denean, zaila da kalkulatzea zer ondorio ekar ditzakeen hilketa horrek Ekialde Hurbilari lotutako geopolitika zailean.
Hona hemen horren ibilbidearen errepasoa, horren hilketa mugarri izan baitaiteke inguru horretako historiaren bilakaeran.
Hassan Nasrallahk Hezbollah mugimendu xiitaren gidaritza hartu zuen 1992an, bere aurrekoa, Abbas al Musawi, Israelgo Armadaren helikoptero batek Libano hegoaldean egindako erasoan hil ondoren.
Betidanik oso kontziente izan zen Hezbollahren arduradun goren gisa Israelen etsai garbia zela. Hori dela eta, 2006tik ezkutuan bizi izan da.
Ordutik, jendaurrean oso gutxitan agertu da, azkena duela hamar bat urte. Gatazkak okerrera egin ostean, leku ezezagunetatik egiten zituen agerraldiak.
"Urteetan ez dut telefono mugikorrik edo finkorik erabili, segurtasun arrazoiengatik, eta, nahi izanez gero ere, ez lidakete utziko", aitortu zuen maiatzean, barkamena eskatuz bere amaren heriotzean doluminik ezin izan zuelako jaso, ez eta haren hiletara joan ere.
Arabiarren artean oso pertsona errespetatua zen, eta bere oratoria eta karisma ziren bere tresnarik boteretsuenak, bere zuhurtzia bezain ospetsuak.
Hezbollahrako bidea
1960an jaio zen, Beiruteko ekialdeko aldirietako familia apal batean, eta erlijio-grina handia erakutsi zuen eskola garaietatik.
Musa Sadr imamaren jarraitzailea izan zen, hura desagertu zen arte, eta nerabe zela egin zuen bat Amal mugimendu politiko xiitarekin, eta horren protesta batzuetan hartu zuen parte.
Adinez nagusi egin zenean, Irakeko Najaf hirira bidaiatu zuen, pentsamendu teologiko xiitaren sorlekura, eta bertan hezkuntza jaso zuen Irango Iraultza Islamikoan Ruholá Khomeini aiatolarekin batera egon ziren elizgizon batzuen eskutik.
Libanora itzuli zenean, Hezbollahren buru izan zen Abbas Musawiren begiradapean ikasi zuen.
1982an, Hezbollah (Jainkoaren Alderdia) sortu zutenetako bat izan zen, eta ordutik izan da horren zuzendaritza-organoa den Zazpien Kontseiluko kidea.
Nasrallah korronte erreformistaren liderretako bat bezala nabarmendu zen, artean klandestinoa zen taldea Libanoko bizitza politikoan sartzea bilatzen zuena.
Taldeko idazkari nagusi izendatu zuten Israelek bere aurrekoa hil eta ordu batzuetara.
32 urte zituen orduan.
Politikan sartu zen
Nasrallahk klandestinitatetik atera zuen Hezbollah, eta alderdi politiko bihurtu zuen, milizia edo kofradia erlijioso soil bat izatetik harago zihoan proiekzioarekin.
1992an hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldiz, eta 12 eserleku lortu zituen Libanoko Parlamentuan.
Taldearen idazkari gisa eta Iranen aliatu estua zen heinean, Nasrallahk errespetu handia lortu zuen mundu arabiarrean, bereziki bere jarrera beligerante eta gogorrari esker Israelek Libanotik alde egitea lortu zuenetik, 18 urteko okupazioaren ondoren.
Ondorengo urteetan, bere jarrerari eutsi zion, eta 2006an gatazka piztu zen atzera; bost astez Hezbollah eta Israel Libanoko zati handi bati eragin zion gerra "berezian" murgildu ziren.
2006ko bake-akordioak agintzen zuenaren kontra, desarmatu eta Libano hegoaldeko mugatik erretiratu beharrean, biziki armatu zen Hezbollah, irismen luzeko armak lortu zituen eta Israelen kontrako jazarpena jarraitu zuen, eta baita erantzun sutsua jaso ere haren partetik.
Hezbollah 2023an sartu zen Gazako gerran, Hamaseko aliatuei laguntza emateko eta Israelgo iparraldea ezegonkortzeko.
Ia urtebetez atzeratu da Israelen erantzun sendoa, eta iritsi denean, aste bakar batean 1.000 lagunen heriotza eragin du, tartean Hassan Nasrallah berarena.