Mundua -
Ameriketako Estatu batuak
Eric Adams New Yorkeko alkate demokrata auzipetu dute, ustelkeria leporatuta
"The New York Times" egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, hauteskunde kanpainan legez kontrako hainbat dohaintza jasotzea egotzi diote Adamsi. Baieztatuko balitz, delitu federal bategatik akusatutako lehen alkatea litzateke.
Agentziak | EITB Media
Ustelkeria leporatuta, Eric Adams New Yorkeko (AEB) alkate demokrata ikerketapean dutela zabaldu du The New York Times egunkariak. Antza, hauteskunde kanpainan jasotako dohaintzengatik abiatuko dute ikerketa federala.
Akusazioa sekretupean dago, eta ez dira publikoki zabaldu egotziko dizkioten karguak. Dena dela, egunkariak aurreratu duenez, Turkiako Gobernuarekin akordioa egin zuen, atzerriko legez kanpoko dohaintzak jasotzeko.
"New Yorkeko biztanleen aldeko nire jarrera defendatuz gero, banekien jomugan jarriko nindutela. Ikerketapean jartzen banaute, nire indar guztiekin borrokatuko dut, errugabea bainaiz", nabarmendu du albistea jakin berritan.
Auzipetzea baieztatuko balitz, delitu federal bategatik akusatutako lehen alkatea litzateke Adams. Poliziaren kapitain erretiratuak AEBko hiri handiena gidatzeko ardura du.
Alderdikide duen Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide ezagunak alkatearen dimisioa eskatu du jada. "Ez dut ikusten modurik Adamsek alkate izaten jarraitzeko. Dimisio eta lanpostu hutsek gobernuaren funtzionamendua mehatxupean dute. Ikerketa ugari daude martxan, eta horrela jarraituz gero, ezinezkoa izango da administrazioan kontratazioak egitea. Hiriaren onerako, dimititu beharko luke", idatzi du X sarean.
Adams 2022ko urtarriletik da alkate. Alderdi Demokrataren aurpegi berri gisa aurkeztu zuen bere burua, krimenaren kontrako estrategia gogor batekin. Bere agintaldian, migrazio krisiari edota metroaren segurtasun faltari egin behar izan dio aurre.