Mundua -

Libanoko erasoak

Zer dakigu Libanoko erasoei buruz eta nola manipulatu ahal izan dituzte gailuak?

Lehen hipotesien arabera, baliteke Israelek aldez aurretik manipulatu izana gailu elektronikoak, Hezbollahko kideen eskuetara iritsi baino lehen.

Anbulantzia bat Libanon zaurituetako bat eramaten. Argazkia: EFE
Anbulantzia bat Libanon zaurituetako bat eramaten. Argazkia: EFE
Anbulantzia bat Libanon zaurituetako bat eramaten. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurrekaririk gabeko eta inoiz ikusi gabeko sofistikazio teknologikoko eraso masibo batek gutxienez 9 hildako eta 2.800 zauritu utzi ditu Libanon, teorian Hezbollahko kideen eskuetan zeuden ehunka gailu elektroniko modu koordinatuan lehertuta. Alderdi-milizia xiitak baieztatu duenez, 12 kide hil dira, nola hil diren zehaztu ez badu ere. Antza denez, Israelek gailu horiek manipulatu ditu zartarazteko.

Hauxe da orain arte gertatutakoaz dakiguna:

NOIZ ETA NON GERTATU DIRA LEHERKETAK?

Eztandak 15:30 inguruan hasi dira Libanon, Beirut hegoaldeko Dahiyeh auzoan eta Bekaa ekialdeko haranean, guztiak Hezbollahren gotorlekuak. Ordubete inguru iraun dute. Leherketen grabazioei erreparatuta, eztandetako batzuk dispositiboek jo ondoren gertatu ziren. Horren ondorioz, pertsonak dispositiboak eskuekin hartu edo aurpegira hurbildu dituzte pantaila egiaztatzeko.

ZENBATERAINOKOAK IZAN DIRA LEHERKETAK?

Leherketak nahiko mugatuak edo txikiak izan dira. Supermerkatuetan grabatutako bi bideoak ikusita, adibidez, badirudi eztandek tramankulua zeraman edo hurbilen zuen pertsona bakarrik zauritu dutela. Sare sozialetan partekatutako irudietan ageri diren pertsonek aurpegian, hatzetan eta aldakan maila desberdinetako zauriak dituzte. Leherketek ez dute kalte handirik eragin, ezta suterik ere.

Jesus Nuñez: ''Gaur gertatutakoak Israelen eta Libanoren arteko gerra irekia eragin dezake''
Jesus Nuñez: ''Gaur gertatutakoak Israelen eta Libanoren arteko gerra irekia eragin dezake''
Jesus Nuñez: ''Gaur gertatutakoak Israelen eta Libanoren arteko gerra irekia eragin dezake''

1:02

ZER APARATU MOTA LEHERTU DIRA?

Reutersen arabera, Gold Apollok, egoitza Taiwanen duen fabrikatzaile batek, egindako dispositiboekin bat datozen ezaugarriak erakusten dituzte suntsitutako aparatuen irudiek.

Hala ere, Taiwango enpresak ukatu egin du Libanoko leherketetan erabilitako gailuak ekoitzi izana. Azaldu duenez, Hungariako hiriburuan (Budapest) egoitza duen 'BAC' izeneko konpainiak egiten ditu.

Hezbollah bilatzaile horiek erabiltzen hasi da behe-teknologiako bitarteko gisa, Israelek pertsona horien kokapena arakatu ez zezan. Reutersek aipatutako hiru Segurtasun iturrien arabera, eztanda egin duten pertsonen bilatzaileak azken hilabeteetan lortutako modelo berria ziren.

ZERK ERAGIN DU BILATZAILEEN LEHERKETA?

Horixe da galdera nagusia. The New York Times egunkariak kaleratu duen informazioaren arabera, Israelek lehergailuak jarri zituen Taiwanen ekoitzitako eta Hezbollahri saldutako bilagailuetan. Itxuraz, Hezbollahk Taiwango Gold Apollo enpresari 3.000 gailu erosi zizkion eta Israelek jarri zituen lehergailuak, Libanora iritsi aurretik, beste herrialde batean.

Antza, lehergailuak bilagailu bakoitzaren bateriaren ondoan ezarri ziren eta mekanismo bat gehitu zitzaien, urrunetik leherrarazteko. Ustez, Hezbollahko kupulak bidalitako mezu faltsu batean klik eginda aktibatzen zen lehergailua. Halaber, eztandaren aurretik gailuek soinu bat egin zuten. 

Lehen momentuan, bateriak lehertu izanaren aukera jarri da mahai gainean. Reuters agentziak aipatutako diplomazia eta segurtasun iturri batzuen arabera, litekeena da dispositiboen bateriak zartarazteak eragin izana leherketak, beharbada gehiegi berotzeagatik.

Hala ere, Reutersekin hitz egin duten beste batzuek adierazi dute ez dutela uste bateria nahikoa denik eztanda eragiteko. Paul Christensen Newcastleko Unibertsitateko litio ioiko baterien segurtasunean adituak azaldu duenez, badirudi pertsona-bilatzaileen leherketek eragindako kaltearen maila antzerako bateria matxura edo huts-egite kasu ezagunekin ez datorrela bat.

"Su hartu eta eztanda egiten duen bateria txiki samar bati buruz ari gara. Ez gara leherketa kaltegarri bati buruz ari. Baterien dentsitate energetikoari buruz gehiago jakin beharko nuke, baina nire intuizioak ezin daitekeela gertatu esaten dit ", adierazi du.

SMEX Libanoko eskubide digitalen erakundeak albiste-agentzia berean azaldu duenez, Israelek gailuaren ahulezia bat aprobetxatu du hori lehertzeko. Pertsona-bilatzaileak Hezbollahren eskuetara iritsi aurretik ere atzeman ahal izan dituztela eta elektronikoki manipulatu edo lehergailu bat ezartzeko aukera ere mahai gainean jarri du.

Iritzi berekoa da Edward Snowden Errusian errefuxiatutako CIAko kide ohia: "Litekeena da lehergailuak dispositibo barruan jartzea, eta pirata informatikoen zibererasoa ez izatea", idatzi du X sare sozialean.

Israelgo Inteligentzia Zerbitzuek lehergailuak jarri dituzte aurretik telefono pertsonaletan etsaiei eraso egiteko, Ronen Bergman kazetari israeldarrak, arma eta segurtasun adituak, Rise and Kill First: The Secret History of Israel's Targeted Assassinations liburuan zehaztu zuenez. Pirata informatikoek gailu pertsonaletan kode kaltegarri bat txertatzeko gaitasuna erakutsi dute, eta kasu batzuetan gehiegi berotu eta lehertu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Ekialde Hurbila Libano