Mundua -
Venezuela
Espainiak eta AEBk ukatu egin dute Maduroren gobernuaren aurkako operazio batean egotea
Pedro Sanchezen gobernuak "irtenbide demokratiko eta baketsu bat" eskatu du berriro, "Venezuelako egoera baretu dadin". Bestalde, AEBko Estatu Departamentuak ukatu egin du Washington Venezuelako presidentea Gobernutik botatzeko ezein konplotetan parte hartzen ari izatea.
EITB MEDIA
Espainiak, Atzerri Ministerioaren bidez, gezurtatu egin du Venezuelaren ezegonkortasun politikoa bilatzen duen ezein operaziotan parte hartu izana, horri buruz zabaldu diren berriak ezeztatzeko. Gainera, adierazi du Venezuelan atxilotutako bi bilbotarrek ez dutela ez Inteligentzia Zentroarekin ez Estatuko beste erakunderen batekin zerikusirik.
Atxilotutako bi bilbotarren senideek ere Venezuelako Gobernuak esandakoa gezurtatu dute. "Turismoa egiten ari ziren", esan dute. Edonola ere, informazio falta dela eta, Jose Maria Basoaren eta Andres Martinezen familiak zuhurtziaz ari dira jokatzen, eta ez dute adierazpen gehiagorik egin nahi izan.
Bestalde, Pedro Sanchezen gobernuak "Venezuelarentzat irtenbide demokratiko eta baketsu bat" eskatu du atzera.
AEBko Estatu Departamentuak ere ukatu egin du Washington Venezuelako presidentea Gobernutik botatzeko ezein konplotetan parte hartzen ari izatea.
"Hori iradokitzen duen informazio oro guztiz faltsua da. AEBren nahia da Venezuelak bizi duen krisiari konponbide demokratiko bat aurkitzea", esan du departamentu horretako eledun batek, ABC News kateak jaso duenez.
Halaber, zehaztu du Venezuelako agintariek AEBko militar bat hartu dutela atxilo, eta gertutik ari direla jarraitzen oraingoz baieztatu gabe dauden AEBko beste bi herritarren atxiloketak.