Mundua -

PELICOT AUZIA

Milaka pertsona atera dira kalera Parisen, Gisele Pelicoten alde

Justiziaren laxotasuna eta Poliziaren eraginkortasun eza salatu dute emakumeen aurkako bortxaketa kasuak ikertzeko eta zigortzeko.

Milaka lagun atera dira kalera Parisen. Argazkia: EFE
Milaka lagun atera dira kalera Parisen. Argazkia: EFE
Milaka lagun atera dira kalera Parisen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka manifestarik euren babesa helarazi nahi izan diote larunbat honetan Gisele Pelicoti, senarrak hainbat urtez drogatu zuen emakumeari, dozenaka gizonek bortxa zezaten. Justiziaren papera salatu dute eta Espainiako Estatua indarkeria matxistaren kontrako borrokaren adibide on gisa jarri dute, La Manada kasuaren ostean izandako aldaketak gogora ekarriz.

Avignonen, Dominique Pelicot Giseleren senarraren eta bortxaketetan parte hartzeagatik akusatutako beste 51 gizonen aurkako epaiketa mediatikoa hasi eta 10 egunera, protestak deitu dituzte Frantziako Estatuan, emakumeen aurkako bortxaketa kasuak ikertu eta zigortzeko garaian Justiziak duen laxotasuna eta Poliziaren eraginkortasun eza salatzeko.

"Prozesu hau (Gisele Pelicot) historikoa izatea lortuko dugu, egunero idazten baitit emakumeren batek ni Gisele Pelicot naiz" nabarmendu du Fondation Femmes elkarteko Anne-Cecile Mailfertek. "Zigorgabetasun eta bortxaketaren kulturaren aurka borrokatuko gara, bortxaketaren salaketen % 90 baino gehiago ez direlako izapidetzeko onartzen, gehienak ikertu ere ez direlako egiten", salatu du.

"Bortxatzaile, ikusten zaitugu; biktima, sinesten zaitugu", izan da protestan parte hartu dutenek gehien oihukatu duten leloetako bat. Gizonak ere batu dira protestara, eta haientzat ere mezua izan du Mailfertek: "Zuetako asko ikusten ditut hemen, eta pozten naiz, oso paper garrantzitsua duzuelako. Zuen parekoei esan behar diezue: ez bortxatu".

Ildo horretan, kultura patriarkalak sistema poliziala eta judiziala menpean dituela ere salatu dute. "Justizia errespetatu beharra daukagula esaten digute, baina Justiziak ez ditu emakumeak errespetatzen. Bortxaketen % 5 bakarrik zigortzen dituzte", ohartarazi du aktibistak.

Baionan ere elkarretaratzea izan da eguerdian, "Lotsa aldez aldatuko dugu'' lelopean.

Pelicot auziaren aurkako protesta egin du mugimendu feministak Baionan, ''Lotsa aldez aldatuko dugu'' lemapean
Pelicot auziaren aurkako protesta egin du mugimendu feministak Baionan, ''Lotsa aldez aldatuko dugu'' lemapean
Pelicot auziaren aurkako protesta egin du mugimendu feministak Baionan, ''Lotsa aldez aldatuko dugu'' lemapean

0:40
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Paris Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa