Mundua -
Peru
Alberto Fujimori Peruko presidente ohia hil da, 86 urte zituela
Milaka hildako eta desagertu eragiteagatik 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina iazko abenduan indultua jaso zuen.
Agentziak | EITB Media
Alberto Fujimori Peruko presidente izandakoa hil da goizaldean Limako bere etxean, 86 urte zituela, "urte luzez minbiziaren aurka borroka egin ondoren", Keiko Fujimori alaba eta oinordeko politikoak X sare sozialean argitaratutako mezu batean esan duenez.
Heriotzaren berri izan ondotik, Peruko Gobernuak hiru dolu egun ezarri ditu. Halaber, Fujimoriri "Errepublikako presidenteari legokion hileta" egitea erabaki du.
1938an jaioa, agintari autokrata 1990etik 2000ra egon zen herrialdea gobernatzen.
Gizateriaren aurkako delituak egotzita, 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Iragan abenduan espetxetik atera zen, ordea, erabaki polemiko baten ondoren. Izan ere, Pedro Pablo Kuczynski agintari ohiak 2017an emandako indultu humanitarioa lehengoratzea erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalak.
Chino ezizenez ezaguna, nahiz eta japoniarren ondorengoa izan, gizartean zatiketa handia eragin duen izena da. Batzuek diote herrialdea terrorismotik eta geldialdi ekonomikotik salbatu zuela eta beste batzuek, ordea, giza eskubide urraketa larriak egin zituen autokrata izan zela nabarmentzen dute.
Peruko presidentea aukeratzeko 1989an egindako hauteskundeak irabazi zituen eta, handik hiru urtera, Armadaren laguntzaz, estatu kolpea eman eta Konstituzioa baliogabetu, Kongresua itxi eta Justizia Jauregiaren kontrola hartu zuen.
Bere agintaldian milaka hildako eragin zituen; Barrios Altosen eta La Cantutan egindako hilketengatik 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hala ere, iazko abenduan indultua jaso zuen arrazoi humanitarioengatik.