Mundua -
Epaiketa Frantzian
Dominique Pelicot, beste batzuek bortxatzeko emaztea drogatzea egozten dioten "egozentriko eta nartzisista"
Gaur deklaratu behar zuen, Avignongo Auzitegian egiten ari diren epaiketan, baina atzeratu egin dute ondoezik dagoelako.
EITB Media
Frantzian, gaur deklaratzekoa zen epailearen aurrean Dominique Pelicot, urteetan beste gizon batzuek bortxa zezaten konortea galtzeraino Gisele Pelicot emaztea drogatu izana leporatuta. Azkenean, ordea, atzeratu egin dute, osasun arrazoiengatik. Haren profil psikologikoa egin duten adituek ondorioztatu dute ez duela buruko patologiarik, eta egozentrikoa eta nartzisista dela.
Roger Arata epaimahaiko presidenteak baztertu egin du epaiketa bertan behera uztea akusatu nagusia osatu arte, baina ez du zehaztu noiz deklaratuko duen.
Atzoko saioan, Annabelle Montagne psikologo forentseak akusatuaren profil psikologikoa aztertu zuten. Horren arabera, egozentrikoa eta nartzisista da eta ez du buruko patologiarik, hots, badaki ongiaren eta gaizkiaren artean bereizten. Hori argitzea erabakigarria izan daiteke zigorra ezartzerakoan.
Akusatuaren arrebak ere atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, eta adierazi zuen ez zekiela ezer nebak haurra zenean jasandako sexu erasoaz. Dominique Pelicoten arabera, 9 urterekin sexu eraso bat egin zioten ospitale batean, eta 13 urterekin talde bortxaketa baten lekuko izan zen.
Dominique Pelicot ez zen atzoko saiora agertu, bere abokatuaren arabera, gernubideetako arazo bat dela eta.
Avignongo auzitegi bat Mazanen (Frantzia) gertatutako epaitzen ari da. Salaketaren arabera, Dominique Pelicotek gonbidatuta, hainbat gizonek emaztea bortxatu zuten. Guztira, 51 gizon ari dira epaitzen. 35ek biktimarekin harremanak izan zituztela onartu dute, baina ñabardura batekin: ez zekiten baimendu gabeko harremanak zirenik. Hiruk bakarrik eskatu dute barkamena.