Mundua -
Epaiketa Frantzian
Hamarkada batez senarrak antolatutako bortxaketen biktimak jasandako "basakeria" kontatu du
Avignongo auzitegi bat Frantziako Mazan herrian gertatutako epaitzen ari da. Han, Dominique Pélicotek gonbidatuta, hainbat gizonek emaztea bortxatu zuten.
Erredakzioa | EITB Media
Gisèle Pélicot, hamarkada batez senarrak berak antolatutako bortxaketen biktima izan zen emakume frantziarrak, gertatutakoaren berri Poliziaren ahotik izan zuela azaldu du epaitegian. Gisèle berrogeita hamar gizon inguruk bortxatu zuten sumisio kimioaren bidez, eta "basakeriazko eszenak" bizi izan zituen. "Trapuzko panpina bat nintzen, zabor-poltsa bat haien esku", esan du.
Avignongo auzitegi bat Frantziako Mazan herrian gertatutako epaitzen ari da. Han, Dominique Pélicotek gonbidatuta, hainbat gizonek emaztea bortxatu zuten. Guztira 51 gizon ari dira epaitzen. 35ek biktimarekin harremanak izan zituztela onartu dute, baina ñabardura batekin: ez zekiten baimendu gaibeko harremanak zirenik. Hiruk bakarrik eskatu dute barkamena.
Fiskaltzaren arabera, gutxienez 92 bortxaketa jasan zituen emakumeak hamar urtez. Biktimak ez zuen bortxaketen berri, nahiz eta urteetan susmoren bat izan, memorian hutsuneak jasaten zituelako.
Poliziak deitu zuen komisariara eta egoeraren berri eman zion. "Gustatuko ez zaizkizun gauzak erakutsiko dizkizugu", esan omen zion orduan komisarioak. Gizon batek bortxatutako emakume baten irudia erakutsi zion, baina ez zuen inor ezagutu. Berriz ere galdetuta, argazkian agertzen zen "emakume bizigabea" bera zela ikusi zuen Gisèlek. "Basakeria eszenak dira", azaldu du. "Trauma ikaragarria zen", esan du, eta "desagertu egin nahi" zuela gaineratu du. Bere buruaz beste egia ere pentsatu zuela onartu du, nahiz eta azkenean seme-alaben eta biloben laguntzarekin aurrera egitea lortu duen.
Gisèlek ez zituen abusuen bideoak ikusi maiatzera arte, epaiketa prestatzen hasi zen arte. "Bortxaketa eszena jasanezinak dira, gizonezkoen esku anestesiatuta nago", onartu du. "Bizioaren aldarean sakrifikatu ninduten", deitoratu du. "Hilda bezala nago", esan du. Bortxatu zuten gizonei buruz ere hitz egin du. "Inoiz ez zuten nire sufrimendua planteatu. Trapuzko panpina bat bezala ikusten ninduten, zabor-poltsa bat bezala", esan du.
Gisèlek adierazi du mendekotasun kimikoaren biktima izan daitezkeen beste emakume batzuei laguntzeko ari dela bere lekukotasuna ematen.