Mundua -

IKERKETA ABIAN

15 urteko adingabe bat atxilotu dute Alemaniako erasoarekin zerikusia duelakoan

Erasoaren berri izan eta ez zuela eragozteko ezer egin uste dute ikertzaileek, eta horregatik atxilotu dute, ez erasoaren egile gisa. Poliziak erasotzailearen bila jarraitzen du.

Atentatua izan den tokia Solingenen (Alemania). Argazkia: EFE
Atentatua izan den tokia Solingenen (Alemania). Argazkia: EFE
Atentatua izan den tokia Solingenen (Alemania). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 urte mutil bat bat atxilotu du Alemaniako Poliziak Solingenen ostiral gauean labanaz egindako erasoarekin zerikusia duelakoan. Erasotzaile batek hiru pertsona hil eta zortzi zauritu zituen, horietako bost larri. Erasoa izango zela aurrez jakitea eta saihesteko ezer ez egitea leporatuta atxilotu dute, antza, nerabea, baina Poliziak ez du uste bera denik erasotzailea

"Polizia-operazioan, lagun bat atxilotu dugu eta beharrezko ikerketak egiten ari gara krimenarekin zerikusirik duen argitzeko", azaldu du Dusseldorfeko Poliziak ohar batean. 

Ohar berean jakitera eman duenez, bestelako zenbait neurri ere hartu dituzte, "miaketak, besteak beste, hainbat tokitan". 

Erasoa

Atentatua ostiralean gertatu da, 21:45 inguruan, Ipar Renania-Westfalia estatu federatuko Solingen hiriaren 650. urteurrena ospatzeko jaialdian. Oraindik identifikatu gabe dagoen gizon bat jendea sastatzen hasi zen. Kaosa aprobetxatuz, ihes egitea lortu zuen, hiru pertsona hil eta zortzi zauritu ondoren, horietatik bost larri.

Alemaniako Polizia atentatu terrorista gisa ikertzen ari da erasoa, eta operatibo handi bat abiatu du egilea bilatzeko; agente armatuak, ibilgailu bereziak eta helikopteroak erabiltzen ari dira horretarako. Esan duenez, ez du erasotzaileari buruzko datu nahikorik.

Poliziak erasoaren zantzuak edo irudiak emateko eskatu die herritarrei, Interneten horretarako bereziki sortutako atari baten bidez, erasotzailea identifikatu eta aurkitzen laguntze aldera.

Agintariek uste dute gizon bakar batek egin zuela erasoa, eta ez dute balizko konplizeei buruzko daturik. Hainbat pertsona lepoan sastatu ondoren, erasotzaileak ihes egitea lortu zuen izuaren erdian.

Kontzertu baten erdian izan zen erasoa, eta jaialdia bertan behera utzi zuten. Herritarrei eskatu diete hiriko alde zaharra saihesteko eta, ahal dela, etxean geratzeko.

Hainbat lagun bildu dira erasoaren lekuan, biktimak omentzeko. Argazkia: EFE

"Solingenen denok gaude atsekabetuta. Gure hiriaren urteurrena ospatu nahi genuen, eta orain hildakoengatik dolua gorde behar dugu eta zaurituak deitoratu. Malkoak ditut begietan eta bihotza hautsita. Hil direnak ditut gogoan, eta otoitz egiten dut oraindik euren bizitzaren alde borrokan ari direnen alde", idatzi du Tim Kurzbach Solingen hiriko alkateak Facebooken.

Nancy Faeser Barne ministroak labanak bide publikoan mugatzeko planak iragarri eta egun gutxira gertatu da erasoa. Poliziaren estatistiken arabera, iaz arma zuriz egindako 9.000 lesio kasu erregistratu ziren Alemanian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak