Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainarrak indarra hartzen ari dira Errusian, eta errusiarrek aurrera jarraitzen dute Ukrainan
Ukrainako tropek aurrerapena moteldu dute azken egunotan, baina azpiegiturei eraso diete. Kursk eskualdeko bi zubi suntsitu dituela jakinarazi du Ukrainak.
Agentziak | EITB Media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ziurtatu duenez, Ukrainako Armada indarra hartzen ari da Kursken, Errusiako Federazioaren hegoaldean, Ukraina ekialdean errusiarren bultzada militarrak jarraitzen duen bitartean.
"Gure presentzia gero eta indartsuagoa da", esan du Zelenskik, Ukrainako Aire Armadak Errusiako eskualdean beste zubi bat suntsitu dutela jakinarazi baino ordu batzuk lehenago.
Ukrainako tropek aurrerapena moteldu dute azken egunotan, baina azpiegiturei eraso diete. Asteburuan, Seim ibaiaren gaineko bi zubi suntsitu dituzte, "etsaiaren gaitasun logistikoa murrizteko", Mikola Olextxuk Ukrainako Aire Armadako arduradunaren arabera.
Errusian finkatzen diren bitartean, Ukrainako agintariak mugaren beste aldean, Sumy eskualdean, neurriak hartzen ari dira biztanleak babesteko. 20 kilometroko eremuan mugitzeko murrizketak ezarri dituzte, eta Kurskeko fronte-lerrotik 5 eta 10 kilometro arteko distantziara dauden herriak ebakuatu dituzte.
Gerra Aztertzeko Institutuaren (ISW) azken txostenaren arabera, Ukraina Kursken egiten ari den operazioak "presio operatibo eta estrategikoak eragin ditu Errusiako indarren gaineko operazioen agertoki osoan, eta litekeena da ondorengo faseek oraindik presio handiagoak sortzea Errusian". Erasoaldiaren ondorioz, Errusiako Armadak hamar bat batailoi zabaldu behar izan ditu Kursken.
Errusiako Defentsa Ministerioak azaldu duenez, Sever (Iparraldea) talde militarreko unitateak basoetan etsaien talde mugikorrak harrapatzen eta suntsitzen ari dira, eskualdeko hainbat herritan horien erasoak saihesteko.
Nahiz eta indar errusiarrek ez duten lortu Ukrainaren erasoaldi harrigarriari bukaera ematea, eta denboran luza badaiteke ere, ez dirudi Kremlini loa kentzen dionik.
Errusia aurrera doa Ukrainan
Ukraina ekialdeko fronteetan, Errusiako indarrek herri gehiago hartu dituzte, baina Ukrainako Armadak esan du Donetsken "eraso masibo bat" arrakastaz gelditu ahal izan duela. Aldi berean, ebakuazio gehiago agindu ditu, azkena Pokrovsk hirian, Errusiaren aurrerapenaren aurrean.
Donbasseko fronteetako erasoak etengabeak dira; Kharkiven, bitartean, Vitali Sarantsev bozeramaile ukrainarraren arabera, Errusiako Armadak bere jarduera murriztu duela dirudi, nahiz eta egoera "zaila" den.