Mundua -
ukraina
Kurskek abisu gorrian jarraitzen du, azken orduetan Ukrainak berriz eraso ostean
Gutxienez 13 pertsona zauritu dira misil baten hondakinek etxebizitza-eraikin baten kontra talka eginda. Zelenskik, bere aldetik, lehen aldiz hitz egin du Ukraina Errusian sartu izanaren inguruan.
agentziak | eitb media
Kursk eskualdeak (Errusia) alerta gorrian jarraitzen du, Ukrainako indarrek bart egindako erasoen ostean. Ukrainako indarrak Errusian sartu dira aste honetan, eta Mosku oraindik ez da gai izan horiek lurraldetik kanporatzeko.
Errusiako aire-defentsak 14 drone ukrainar eta Tochka-U motako lau misil atzeman ditu bart Kursk eskualdean, Errusiako Defentsa Ministerioaren esanetan.
Misil horietako baten hondakinek, baina, etxebizitza-eraikin baten kontra egin dute talka, eta gutxienez 13 pertsona zauritu dira, horietako bi larri.
Kurskeko jarduneko gobernadoreak, Aleksei Smirnovek, alerta gorena ezarri du "lurralde osoan", eta etxean geratzeko eskatu die herritarrei.
Tatiana Moskalkova Errusiako Federazioko Giza Eskubideen ordezkariak, bere aldetik, Ukrainaren erasoak gaitzesteko deia egin die Nazio Batuei, "milaka" zauritu utzi baititu, horren esanetan.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bestalde, lehen aldiz hitz egin zuen atzo, larunbata, Ukraina Errusian sartu izanaren inguruan. "Eskerrak ematen dizkiet gure Defentsa Indarrei, hau posible izan delako. Ukraina erakusten ari da badakiela justizia ezartzen eta behar den presioa egiten: erasotzailearen gaineko presioa", esan du Zelenskik.
Kieven erasoaldia
Gutxienez bi pertsona hil dira, haur bat tartean, eta beste hiru zauritu dira misil errusiarrek Kievi (Ukraina) eraso ostean.