Mundua -

PROTESTAK

Bangladeshko lehen ministroak dimisioa eman eta herrialdetik alde egin du, protestek indarra hartu ostean

Armadak hartu du boterea eta bitarteko Gobernua eratuko duela iragarri du. Ehunka lagun hil dira Bangladeshen, joan den uztailaren 1ean Gobernuaren enplegu politikaren kontrako protestak hasi zirenetik.

90 hildako baino gehiago eta ehunka zauritu Bangladeshen, lan-kuoten sistema baten aurkako protestetan

0:42

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sheij Hasina Bangladeshko lehen ministroak dimisioa eman astelehen honetan eta herrialdetik alde egin du, joan den hilean hango Gobernuaren kontra hasitako protestek indarra hartu ostean. Ehunka lagun hil dira.

Channel i telebista-kateak jakitera eman duenez, Hasina hainbat alditan saiatu da protesten deitzaileekin hitz egiten, egoera bideratzeko, baina ez du lortu ezer konpontzea. Goizean aurkeztu dio dimisioa Mahammad Shahabuddin Bangladeshko presidenteari, Bangabhabanen, estatuburuaren egoitza ofizialean. Ondoren, Armadak hartu du boterea bere gain eta bitarteko Gobernua eratuko duela iragarri du.

Milaka herritar atera dira azken orduotan kalera, etxean geratzeko Gobernuak ezarritako aginduari muzin eginez, eta tentsioa areagotu egin da. Besteak beste, lehen ministroaren egoitzara sartu dira manifestariak.

Bertako hedabideen arabera, helikopteroz atera da herrialdetik Hasina, eta Mendebaldeko Bengala estatura joan da. Gaur arratsalderako Armadako buruaren agerraldia espero da, Gobernuaren egoeraz azalpenak emateko.

Enplegu sistema

Azken urteotako protesta gogorrenak ari dira izaten Bangladeshen. Gobernuaren enplegu politikaren kontra hasi ziren oldartzen hango ikasleak, uztailaren hasieran: enplegu publikoan sartzeko aukera duten bakarrak 1971ean askatasunaren alde borrokatu zirenen oinordekoak direla salatzen dute; lanpostu publikoen heren bat inguru legoke horientzat gordeta.

Modu baketsuan hasi ziren protestak, baina indarra hartzen joan dira, astez aste. Azken asteotan, enplegu kuotak murriztu ditu Gobernuak, Auzitegi Gorenak eskatuta, baina protestek aurrera jarraitzen dute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Asia