Mundua -
Presoen trukea
Kremlinek uko egin dio Pablo Gonzalez trukean sartzearen arrazoia azaltzeari
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak, bestalde, Aliantza osatzen duten herrialdeen arteko "lankidetza estua" nabarmendu du.
Erredakzioa | EITB Media
Kremlinek uko egin dio Pablo Gonzalez jatorri errusiarreko kazetariaren trukearen arrazoia azaltzeari. Pablo Gonzalez bart iritsi da Moskura, Polonian espioitzagatik ia bi urte eta erdi preso egon ostean.
"Inklusioaren arrazoia eta xehetasun horiek ezin dira jendaurrean eztabaidatu", erantzun du Dmitri Peskov presidentearen bozeramaileak.
Bestalde, Pablo Gonzalez kazetaria Ameriketako Estatu Batuekiko "leialtasunagatik" askatu duela esan du Poloniako Gobernuak. Gerra Hotzetik egin den preso trukerik handienean utzi dute aske espioitza egotzita atxilotu zuten kazetaria.
"NATOko kide leiala garela irabazi dugu, AEBren aliatu leialak, eta horrek balioa ematen duela iruditzen zait", esan du Andrzej Szejna Atzerri ministrordeak telebistan egindako elkarrizketa batean.
"Agian laster beste egoera batean dagoen AEBren mesede bat beharko dugu, agian ez da antzekoa izango, baina baliteke mesede bat behar izatea", gaineratu du.
Szejnak azpimarratu du Poloniak trukea bultzatu duela, eta 26 pertsona trukatu dituztela, Alemaniak bezala. "Nazionalitate bikoitza duen espioi bat askatu dugu, eta Alemaniak erailketagatik zigortutako gizon bat askatu du", adierazi du.
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak, bestalde, Aliantza osatzen duen herrialdeen "lankidetza estua" nabarmendu du.
"NATOren aliatuen lankidetza estuak egin du posible lorpen hau. Oposizio baketsua eta prentsa askatasuna ezinbestekoak dira funtzionatzen duen edozein gizartetan", idatzi du politikariak X sare sozialean.