Mundua -

Venezuela

Ezberdinen arteko "elkar ulertzea" erraztuko duen elkarrizketa prozesua iragarri du Madurok

Bitartean, Txinak, Errusiak eta Iranek dagoeneko zoriondu dute Maduro. Aitzitik, AEBk, EBk eta Latinoamerikako hainbat estatuk "kezka" agertu eta "gardentasuna" eskatu dute. Bestalde, Mexikok, Brasilek eta Txilek zenbaketa amaitu arte itxarongo dute.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak gaur iragarri duenez, "adostasun berriak" eta "elkar ulertzea" ahalbidetuko dituen elkarrizketa prozesu bat martxan jarriko du, Hauteskunde Batzorde Nazionalak (CNE) bozetan garaipena ostean.

Madurok garaipena eman dioten emaitza partzialak ospatu ditu, botoen % 51 eskuratuta. Miraflores Jauregian, Gobernuaren egoitzan, egindako agerraldian, elkarrizketetan "herrialdeko sektore politiko, kultural, ekonomiko eta sozial guztiek" parte hartuko dutela ziurtatu du agintariak.

Oposizioko hautagai gehienek emaitza onartu dute

Venezuelako oposizioko hainbat hautagaik, besteak beste, Benjamin Rausseo, Daniel Ceballos eta Jose Brito zerrendaburuek, CNEren emaitzak onartu dituzte, eta, ondorioz, Nicolas Maduro presidenteak Edmundo Gonzalez hautagai disidente nagusiaren aurrean lortutako garaipena nabarmendu dute, nahiz eta azkenak bozen % 70 erdietsi dituela aldarrikatu.

Venezuelako hauteskundeetara hamar hautagai aurkeztu dira, baina bozketa Maduroren eta Gonzalezen arteko lehia gisa planteatu da une oro. Gainerako hautagaitzak erregimenaren aurka agertu dira, baina baita oposizioaren plataforma bateratuaren aurka ere.

Venezuelako hauteskundeetarako hautagai ia guztiek (Gonzalezek eta Enrique Marquezek izan ezik) CNEk proposatutako akordioa sinatu zuten ekainaren amaieran, hauteskundeetako emaitzak onartzea bermatzeko.

Gonzalez Urrutiak salatu du ''arau guztiak urratu'' dituztela
Gonzalez Urrutiak salatu du ''arau guztiak urratu'' dituztela
Gonzalez Urrutiak salatu du ''arau guztiak urratu'' dituztela

0:30

Txinak, Errusiak eta Iranek Maduro zoriondu dute

Dagoeneko Txinako, Errusiako eta Irango gobernuek zoriondu egin dute Venezuelako buruzagia, hauteskundeak irabazi dituelako. "Egungo aldebiko eta nazioarteko agendari buruzko lan eraikitzailearekin jarraitzeko borondatea berretsi nahi nuke. Gogoan izan zu beti ongi etorria zarela Errusiako lurretan", adierazi du Vladimir Putin Errusiako presidenteak Maduro zoriondu duenean.

Ildo beretik, Txinak Hego Amerikako herrialdea eta Maduro zoriondu ditu hauteskundeak "arrakastaz" egiteagatik.

"Zoriondu egiten ditugu Venezuelako herria eta gobernua herrialde honetako hauteskunde presidentzial arrakastatsuengatik, baita Venezuelako herriaren presidente hautatua ere", esan du, bere aldetik, Naser Kanani Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak X sare sozialean.

AEBk eta EBk "gardentasuna" eskatu dute

Aitzitik, Ameriketako Estatu Batuek, Europar Batasunak eta Latinoamerikako zenbait estatuk "kezka" agertu dute zenbaketaren inguruan, eta "gardentasuna" eta hauteskundeetako akta guztiak argitaratzea eskatu dute, Maduro garaile ematen duten emaitzak egiaztatu ahal izateko.

Etxe Zuriak iragarri du atzeratu egingo duela Venezuelari buruzko erabakiak hartzeko epea, baita zigor gehiago ezartzeko aukera ere, hauteskundeen bozketa-akta guztiak argitaratu arte. Joe Bidenen Administrazioak "kezka handiak" ditu "iragarritako emaitzek Venezuelako herriaren borondatea islatzen ez dutelako", esan du John Kirby Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko bozeramaileak.

Era berean, Josep Borrell Europar Batasunak Atzerri Gaietarako duen goi-ordezkariak azpimarratu duenez, "ezinbestekoa da hauteskunde-prozesuaren erabateko gardentasuna bermatzea, botoen zenbaketa zehatza eta hauteskunde-mahaietako bozketa-aktak eskuratzea barne".

Uruguai, Argentina, Costa Rica, Ekuador, Guatemala, Panama, Paraguai, Peru eta Dominikar Errepublikako gobernuek, gaur egindako adierazpen bateratuan, hauteskundeen inguruan "kezka handia" agertu dute, emaitzak erabat berrikustea eta Amerikako Estatuen Erakundearen premiazko bilera eskatu dute.

Mexiko, Brasil eta Txile, zain

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak baieztatu du Maduroren garaipena aitortuko duela, CNEk zenbaketa amaitzean igandeko hauteskundeen osteko "joera berresten badu".

Brasilgo Gobernuak pozik hartu du Venezuelako hauteskundeen "izaera baketsua", baina berretsi du azken emaitzak itxarongo dituela Maduroren balizko garaipenaren inguruan iritzia emateko.

Azkenik, Gabriel Boric Txileko presidenteak nabarmendu du premiazkoa dela akta guztiak nazioarteko behatzaile independenteei eta oposizioari ematea, eta "hori egiten ez den bitartean, guk, herrialde gisa, ez dugu Hauteskunde Batzordeak adierazitakoa aintzat hartuko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro Hauteskundeak