Mundua -

Armamentu-norgehiagoka

Putinek AEBri esan dio Errusiak ere misilak zabalduko dituela, hark Alemaniara egindako bidalketari erantzunez

"AEBk eta horren eliteek Europan eta munduko beste eskualde batzuetan" egindako ekintzetan oinarrituta hedatuko ditu armak Errusiak. Etxe Zuriak hil honetan iragarri duenez, 2026tik aurrera hasiko da Alemanian irismen luzeko armak pixkanaka hedatzen, Funtzio Anitzeko Lantaldearen barruan.

Vladimir Putin, gaur.
Vladimir Putin, gaur.
Vladimir Putin, gaur.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk Alemaniara irismen luzeko armak bidaliko dituela iragarri ondotik, laster etorri da Errusiaren erreakzioa. Vladimir Putinek igande honetan azaldu duenez, irismen labur eta ertaineko misil-sistemaren garapena azken fasean dago jada. 

"AEBk bere asmoak aurrera eramaten baditu, irismen ertain eta laburreko eraso-armen hedapenari buruz aldez aurretik onartutako aldebakarreko moratoriatik aske gaudela ulertuko dugu (...). Sistema horietako batzuen garapena azken etapan dago", adierazi du Putinek itsas armadako indarren desfilean.

Putinen hitzetan, "AEBk eta horren eliteek Europan eta munduko beste eskualde batzuetan" egindako ekintzetan oinarrituta hedatuko ditu armak Errusiak. 

Etxe Zuriak hil honetan iragarri duenez, AEB 2026tik aurrera hasiko da Alemanian irismen luzeko armak pixkanaka hedatzen, Funtzio Anitzeko Lantaldearen barruan.

Erabat garatuta daudenean, SM-6 misilak, Tomahawk misilak eta arma hipersonikoak izango dituzte irismen luzeko unitate horiek, Europan erabiltzen direnak baino askoz irismen handiagoa dutenak.

Errusiako agintariaren arabera, etorkizunean ojiba nuklearrekin pareka daitezkeen misil horien irismen-eremuan izango dira Errusiako instalazio militar eta zibil garrantzitsuak.

Bestalde, Putinek azpimarratu du AEBk bere lurraldetik Danimarkara eta Filipinetara misil sistemak transferitzeko probak eginak dituela, ariketa militarretan. 

"Egoera honek Europan irismen ertaineko Pershing misil estatubatuarren hedapenarekin lotutako Gerra Hotzeko gertaerak gogorarazten ditu", agintari errusiarraren ustez. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin Alemania NATO Eguneko albisteak Albisteak