Mundua -

VENEZUELAKO HAUTESKUNDEAK

Hauteskunde eguna gaur Venezuelan, oposizioak 25 urtean lehen aldiz irabazteko aukera duela

Oposizioak hautagaitza bateratua aurkeztu du, Edmundo Gonzalez buru dela, Maria Corina Machado inhabilitatua izan ostean. Nicolas Madurok, dena dela, agintaldia beste legealdi batez luzatzea espero du.

Oposizioko azken mitinetako bat, Maria Corina Machadorekin. Argazkia: EFE
Oposizioko azken mitinetako bat, Maria Corina Machadorekin. Argazkia: EFE
Oposizioko azken mitinetako bat, Maria Corina Machadorekin. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presidenterako hauteskundeak dituzte Venezuelan igande honetan. Nicolas Madurok hirugarren agintaldia eskuratu nahi du, baina inkesta gehienek oposizioko fronteari ematen diote garaipena. Edmundo Gonzalez Urrutia diplomazialari ohia da Plataforma Unitaria hautagaitzako burua, Justiziak Maria Corina Machado (primarioetako garailea) inhabilitatu ostean.

Maduro presidentearen alderdiaz gain, beste bederatzi hautagaitza aurkeztu dira hauteskundeetara. Horietatik, Gonzalezen Plataforma Unitaria da arrakasta izateko aukera gehien dituena, beste zortzi hautagaiei ez baitiete inkestek botoen % 2 baino gehiago ematen.

Hauteskundeak oposizioak irabaziko balitu, Chavezen iraultza bolivatarra izan zenetik 25 urtera iritsiko lirateke berriz ere Miraflores Jauregira. Hugo Chavezek berak 14 urtez gobernatu zuen herritarren babes handiarekin. 2002an, aurre egin behar izan zien estatu-kolpe saiakera batzuei, eta lau egun eman zituen espetxean.

Minbizia diagnostikatu zioten, eta 2013ko martxoan hil zen. Une horretan, ordura arte presidenteordea zen Madurok hartu zuen agintea, behin-behinean, apirilaren erdialdean hauteskundeak egin arte. Baina Maduro ez zen Chavez, eta Henrique Capriles oposizioko kideari % 1,5eko tarte estuagatik irabazi zion hauteskunde haietan.

Adituen ustez, Madurok ez du Chavezen ibilbide iraultzaile eta karismarik, eta horrek, herrialdea nozitzen ari den krisi ekonomiko zein sozialari batuta, disidentziaren gorakada ekarri du.

Hauteskunde hauen atarian, gainera, Amnistia Internazionalak Venezuelan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa "larri eta masiboak" salatu ditu. Izan ere, Maduro presidente denetik "herritarren % 25ek baino gehiagok" ihes egin dute herrialdetik, giza eskubiden aldeko erakunde horren arabera, eta disidenteen "dozenaka atxiloketa arbitrario, desagertze behartu eta tortura" izan dira.

Maduroren aldeko kartel bat kalean. Argazkia: EFE

Barbadosko akordioa

Maduroren presidentetzak kolpe handia jaso zuen 2018ko hauteskundeetan. Izan ere, botoen % 67,8 lortu arren (Henri Falcon aurkariak botoen % 20,9 lortu zituen), munduko hainbat herrialdek eta Europar Batasunak "legez kanpokotzat" jo zituzten hauteskunde horiek.

Nazioarteko komunitatearen konfiantza galdu ondoren, 2023ko urrian Barbadosko Akordioa sinatu zuen oposizioarekin, hauteskundeetarako baldintzak ezartzeko. Oposizioak hauteskundeetan berme guztiekin parte hartu ahal izango zuela jaso zuten akordioan, eta hauteskunde primarioen prozesua zehaztu zuten.

Itun horri esker, AEBk bertan behera utzi zituen Venezuelaren aurkako zigor batzuk, baina oposizioak uste du Madurok ez duela erabat errespetatu akordioa eta urraketen artean oposizioko buru diren Maria Corina Machado inhabilitatzea eta haren ondorengoa zen Corina Yoris Villasanari hautagai gisa inskribatzen utzi ez izana aipatu dituzte.

Aurreko bi hautagaiak baztertuta utzi ostean, Edmundo Gonzalez Urrutia (Venezuelako enbaxadorea Aljerian 1991 eta 1993 artean eta Argentinan 1998 eta 2002 artean) hautatu du Plataforma Unitariak buru gisa. Gonzalezek preso politikoak askatu, ekonomia suspertu, bolivar debaluatua egonkortu eta inflazioaren eta segurtasunik ezaren aurka borrokatuko dela agindu du.

Zentroko politikaritzat dute Gonzalez: zerbitzu publikoak babesten dituela adierazi du eta akordioak bilatzeko prest agertu da beti, alderdien ideologiaren gainetik. Igande honetako hauteskundeetako balizko garaipenari dagokionez, Maduroren eskuetatik boterea eskualdatzeko "negoziazio prozesu bat" abiatzearen aldekoa da.

Edmundo Gonzalez eta Maria Corina Machada. Argazkia: EFE

Baimen ofizialik gabe herrialdean sartu nahi zuen PPko ordezkaritza bat bueltan bidali du Venezuelak

PPko parlamentari eta senatari talde bat Venezuelatik kanporatu dute, herrialdean baimen ofizialik gabe sartzen saiatu ostean.

Popularren arabera, Venezuelako oposizioak igandeko hauteskundeen behatzaile gisa gonbidatu zituen, baina ez zuten zeregin horretarako beharrezko baimenik. Hala ere, ostiralean Caracasera joan dira, jakintzat jo arren ez zietela herrialdean sartzen utziko. Gauza bera gertatu zaie oposizioak gonbidatutako beste herrialde batzuetako ordezkariei ere. 

Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako Ministeriotik azaldu dutenez, Senatuko Mahaiak eta Alderdi Popularreko Talde Parlamentarioak (GPP) Venezuelara joan ahal izatea eskatu zuten, hauteskundeak behatzeko misio gisa, eta Jose Manuel Albares buru duen ministerioak ez zion eragozpenik jarri eskaerari, eta beharrezko kudeaketa guztiak egin zituen Venezuelako agintarien aurrean. 

Hala ere, Venezuelako agintariek ukatu egin zuten baimen hori, eta Atzerri Ministerioak horren berri eman zien Senatuari eta PPri. Baimena ukatu ostean, "talde politiko guztiek bertan behera utzi zuten bidaiatzeko asmoa, PPk izan ezik", Ministerioko iturrien arabera.

1280 venezuelar daude Bilboko hauteslekuan botoa ematera deituta

Bestalde, Euskal Herrian bizi diren 1.280 venezuelar daude botoa ematera deituta Bilboko hauteslekuan.

Gurean bizi diren venezuelarren plataformak salatu du 25.000 izan beharko liratekeela, eta nazioarteko komunitatearen babesa eskatu dute botoen zenbaketa gardena ziurtatzeko eta hauteskundeen emaitza bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro