Mundua -

Paris 2024

Paris blindatuta esnatu da Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldiaren egun handian

328.000 ikusle, agintari eta nazioarteko ordezkarien segurtasuna bermatzea izan da antolatzaileen erronka nagusia. Aurreko egun hauetan, bi pertsona atxilotu dituzte Parisen eta zazpi Belgikan, Olinpiar Jokoen aurkako eraso-planen susmagarri gisa.

Los aros olímpicos en la Torre Eiffel. EFE.
Los aros olímpicos en la Torre Eiffel. EFE.
45.000 segurtasun agentek lan egingo dute Parisen Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian, ostiralean

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Prest gaude, ikuskizun liluragarria izango da, herrialdea harro sentiaraziko du eta zoriona mundu osora eramango du", esan du ostegunean Amelie Oudea-Castera Frantziako Kirol ministroak, gaur arratsaldeko 19:30ean Olinpiar Jokoen irekiera-ekitaldi handia abiatzeko ordu gutxi batzuk falta zirenean.

Ostiral arratsaldean, ezohiko irekiera ekitaldia izango dute Olinpiar Jokoek. Sena ibaian zehar, Austerlitz eta Trocadero zubien artean ibiliko dira 8.000 kirolari, 200 itsasontzik osatuko duten desfilean

Azken zubiak Eiffel dorrea eta Trocaderoko lorategiak lotzen ditu, eta, hain zuzen ere, bertan, eraiki dira gonbidatu garrantzitsuenentzako tribunak, han izango baita ikuskizunaren azken zatia, garrantzitsuena, lau ordu iraungo duena. Trocaderon, Emmanuel Macron Frantziako presidenteaz eta Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaz gain, ehun bat estatuburu eta gobernuburu izango dira, baita nazioarteko erakundeetako buruzagiak ere.

Originala eta ikusgarria izango dela iragarri dute, baina ez da guztia horren erraz eta eder, segurtasun, logistika eta garraio kontuetan amesgaizto izaten ari baita askorentzat Olinpiar Jokoak abiatzeko ekitaldia antolatzeko lana. 

Paris erabat blindatuta dago, izan ere, segurtasuna bermatzea izan da antolatzaileen erronka nagusia, are gehiago halako eremu ireki eta handia izanik eta horrenbeste lagun bilduko dituela aurreikusita; 328.000 ikusle eta nazioarteko erakundeetako ehunka agintari eta arduradun tartean.

Gaur Parisko kaleetan eta Sena inguruetan lanean ariko dira 45.000 polizia eta jendarme, bai eta 10.000 militar eta segurtasun pribatuko milaka zaintzaile ere.

Polizia Nazionaleko (Raid) eta Jendarmeriako (CIGN) unitate bereziek babes berezia eskaintzen diete zenbait herrialdetako kirolariei, hala nola Israel, AEB, Ukraina, Palestina eta Irango ordezkariei, testuinguru zailagatik. 

Sena ibaiaren ertzetako eraikinetan kontrol zorrotzak ari dira egiten, biztanleak edo bisitariak (etxebizitzak, hotelak edo bulegoak) kontrolpean daude azken egunotan, eta poliziak eta eliteko tiratzaileak egongo dira teilatu eta terrazetan.

Gainera, Parisko aire-espazioa itxi egingo dute ostiral honetan, 18:30etik gauerdira. Hiriaren inguruan 150 kilometroko erradioa izango du itxita izango den aireko eremua, eta, ondorioz, hiru aireportuek (Orly, Charles de Gaulle eta Beauvais) aireratzeko eta lurreratzeko operazioak bertan behera utzi beharko dituzte ekitaldia hasi baino ordubete lehenago.

Garraioaren labirintoa

Garraioak ere arazo iturri izan dira, batez ere paristarrentzat edo hiriburuan lan egiten duten inguruko biztanleentzat.

Parisko hirigune historikoa, zeremonia egingo den gunea, 44.000 hesirekin inguratu eta itxi dute, eta QR bat aurkeztu behar da hesia igarotzeko.

Erdiguneko metro-geltoki batzuk aldi baterako itxi dituzte, baita kale eta plaza asko ere, eta horrek izugarri mugatu ditu turisten aukerak eta lanera joan-etorrian ibili behar duten paristarrenak.

Trafikoa baimenduta dagoen lekuetan, errei 'olinpiko' bereziak jarri dituzte (lerro urdinez markatuta daude) kirolariak eta gonbidatu berezientzako soilik, eta, ondorioz, gainerako erreietan are handiagoak ari dira izaten auto-ilarak.

Parisko periferian ere, hiria eraztun gisa inguratzen duen autobidean, murrizketa ugari izango dira gaur, eta baliteke uneren baten erabat itxi behar izatea ere, Patrice Vergriete Garraio ministroak ostegunean ohartarazi duenez.

Hainbat atxilotu aste honetan

Frantziako agintariek 18 urteko mutil bat atxilotu dute ostegun honetan, asteartean Gironda departamenduan atxilotutako nerabeari Olinpiar Jokoen aurka "indarkeriazko plan bat" prestatzen laguntzea leporatuta.

18 urteko beste mutil hori asteartean atxilotu zuten Girondan, Parisko Olinpiar Jokoen inaugurazio-ekitalditik egun gutxira atentatu terrorista bat egiteko asmoa zuelakoan. Segurtasun indarrek zaintzapean jarri dute, "lesio pertsonalen delitu bat edo gehiago prestatzeko elkarte kriminal terrorista bateko kide" izatea leporatuta.

Terrorismoaren aurkako Fiskaltza Nazionalaren arabera, bi atxilotuek harremana zuten, bai sare sozialetan, bai bizitza errealean. Sareetan elkarri jarritako mezuek piztu zituzten segurtasun indarren kezkak. Terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren ikerketak zehaztu behar du bi atxilotuek Olinpiar Jokoetan atentatuak egiteko zituzten asmoak zenbateraino ziren benetakoak.

Gainera, beste 7 pertsona susmagarri gisa atxilotu dituzte Belgikan, terrorismoaren aurkako operazio batean. Agintariek Parisko Jokoen inaugurazio ekitaldiaren bezperan egin dute operazioa, hitzordu olinpikoa "helburu potentziala" delako. Edonola ere, ez dago susmagarriek Jokoetan eraso egin nahi zutela frogatzeko zantzurik, ikerketaren gertuko iturriek adierazi dutenez.

Atxiloketak hainbat agintari judizialek eta inteligentziakoek koordinatuta Europa mailan abiatutako operazio baten barruan egin dituzte.

Frantziako eta Suitzako polizia-taldeek "kontrol operazio berezia" dute indarrean ostegunetik bi herrialdeen arteko mugako 570 kilometroetan, Parisko Olinpiar Jokoen testuinguruan mugaz gaindiko krimenaren eta aduanetako iruzurren aurkako delituak hautemateko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Eguneko albisteak Olinpiar jokoak Albisteak Frantziako Gobernua