Mundua -
Hauteskundeak
Masud Pezeshkian erreformistak irabazi ditu Irango presidentetzarako hauteskundeak
Osasun ministro ohi eta egun parlamentaria denak gero eta ospe handiagoa lortu du herritarren artean, moderazio mezu batekin, Mendebaldearekiko hurbiltasuna erakutsiz eta beloari kritika eginez. Maiatzean helikoptero istripu batean hildako Ebrahim Raisi ultrakontserbadorea ordezkatuko du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Masud Pezeshkian erreformista gailendu da Irango presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian, eta herrialde horretako hurrengo presidente bihurtuko da, Irango Hauteskunde Batzordearen arabera.
69 urteko bihotz-kirurgialaria da Pezeshkian, eta botoen % 53,6 eskuratu ditu. Saeed Jalili ultrakontserbadoreak, ordea, botoen % 44,3 lortu ditu.
Osasun ministro ohi eta egun parlamentaria dena Irango Errepublika Islamikoaren bederatzigarren presidente bihurtuko da, maiatzean helikoptero istripu batean hildako Ebrahim Raisi ultrakontserbadorea ordezkatuta.
Hauteskunde kanpainaren hasieran, Pezeshkian ez zen oso ezaguna, baina gero eta ospe handiagoa lortu du, moderazio mezu batekin, Mendebaldearekiko hurbiltasuna erakutsiz eta beloari kritika eginez.
Hauteskundeetan parte-hartze txikia izan da (% 39,9), eta horrek agerian utzi du herritarren parte handi bat ez dagoela pozik Ruhola Khomeini aiatolak 1979an ezarritako sistema politikoarekin.