Mundua -
Ipar Koreara bidaia
Putinek eta Kim Jong-Unek lankidetza estrategikorako akordioa sinatu dute
Bi agintariek Piongiang egin duten goi-bileran, Errusiako presidenteak eskerrak eman dizkio Ipar Koreako lider gorenari Ukrainako inbasioaren harira emandako babesagatik.
Agentziak | EiTB Media
Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Kim Jong-Un Ipar Koreako agintariak lankidetza estrategikorako akordioa sinatu dute, bi herrialdeen arteko harremanak egituratzeko balioko duena. Moskuk eta Piongiangek harremanak estutzea erabaki dute AEBri eta bere aliatuei aurre egiteko.
Sinatutako dokumentu berriak Errusiaren eta Ipar Korearen arteko harremanak sakontzeko balioko du, Putinek bileraren atarian iragarri duenez.
Bi agintariek Piongiang egin duten goi-bileran, Errusiako presidenteak eskerrak eman dizkio Ipar Koreako lider gorenari Ukrainako inbasioaren harira emandako babes "konstante eta apurtezinagatik".
Agintari errusiarrak bi herrialdeen arteko lankidetza arloan emandako "aurrerapauso nabarmenak" azpimarratu ditu, eta negoziazioak "emankorrak" izango direla adierazi du TASS albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera.
Kim Jong-Un agintari iparkorearrak, bere aldetik, mundun egonkortasuna eta oreka estrategikoa mantentzeko Errusiako Federazio "indartsu" batek duen eginkizuna nabarmendu du.
Halaber, Ipar Koreako buruzagiak "erabateko babesa eta elkartasuna" helarazi die Errusiako Gobernuari, armadari eta herriari, Ukrainako inbasioagatik.
Nazioarteko egoera azkar aldatzen ari dela uste du Kim Jong-Unek eta horregatik Moskurekin harreman estrategikoak sendotu nahi ditu.
Hasieran adierazpenak egin ondotik, 90 minutu iraun duen bilera ateak itxita egin dute.
Ipar Koreara egindako bi eguneko bidaia ofiziala gaur amaituko du Putinek, eta Vietnamera abiatuko da.