Mundua -

Hauteskundeak

CNAk irabazi du Hegoafrikan, baina gehiengo osoa galdu du lehenengo aldiz

Nelson Mandela zenaren alderdiak beste alderdiren batekin egin beharko du akordioa Cyril Ramaphosak presidente izaten jarraitu ahal izateko.

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentea, CNAren kanpaina itxierako ekitaldian. Argazkia: EFE
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentea, CNAren kanpaina itxierako ekitaldian. Argazkia: EFE
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentea, CNAren kanpaina itxierako ekitaldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegoafrikan agintean dagoen CNA alderdiak irabazi ditu berriro hauteskundeak, botoen % 40,12 jasota, baina Nelson Mandela 1994an agintera iritsi zenetik zuen gehiengo osoa galdu du, asteazkeneko hauteskundeetako botoen % 98 zenbatu direnean.

Hauteskunde Batzorde Independentearen azken datuen arabera, CNAk azken 30 urteetako emaitza txarrenak eskuratu ditu, eta Cyril Ramaphosa presidenteak alderdiren batekin egin beharko du akordioa beste 5 urtez presidente izaten jarraitzeko.

1994an apartheid erregimen baztertzailea amaitu eta Nelson Mandela lehenengo presidente beltza izan zenetik, CNAk beti izan du gehiengo osoa (% 57,5ekoa 2019ko hauteskundeetan), baina asteazkeneko hauteskundeetako emaitzak baieztatuz gero, oraingo hauetan ez du lortuko (% 40,12).

Bigarren postuari eutsi dio John Steenhuisenen AD zentro-eskuineko liberalak, botoen % 21,72 bilduta, aurreko hauteskundeetan baino ia puntu bat gehiago.

Hirugarren izan da azkenean uMkhonto weSizwe (MK), Jacob Zuma presidente ohiaren (2009-2018) alderdi berria, botoen % 14,8 jasota. Hain zuzen ere, alderdi horren agerraldiak eragin du CNAko boto-emaileen zatiketa.

Auzitegi Konstituzionalak, kanpainaren erdian, galarazi egin zion Zumari hauteskundeetan aurkeztea (men ez egiteagatik 15 hilabeteko espetxe zigorra jaso zuelako), baina bere alderdiak hirugarren postua kendu dio Julius Malemaren EFF ezker muturreko alderdiari (% 9,39).

28 milioi hegoafrikar zeuden asteazkeneko hauteskundeetan parte hartzera deituta. Hauteskunde Batzorde Independentearen datuen arabera, parte-hartzea % 58,59koa izan da, 2019ko % 66ko parte-hartzetik urrun, nahiz eta bazirudien herritarren artean interes handiko hauteskundeak izango zirela.

Hauteskunde Batzordeak astebeteko epea du behin betiko emaitzak jakinarazteko, baina litekeena da asteburu honetan bertan egitea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak